Martxoaren 8a eta Soinurbil zikloak, asteotako agendan

Martxoaren 8ko ekimenak eta Zumarte Musika Eskolak hilaren 9tik 15era antolatu duen Soinurbil zikloa nabarmendu ditu Usurbilgo Udalak egunotan argitara emandako kultur agendak. Ohi bezala, hitzordu gehiago ere izango dira asteotan.

"M8 egunero da" taldeak eta Usurbilgo Udalak ekimen zikloa iragarri du asteotarako, igandeko Emakumeen Egunaren harira. Greba egun feministarik ez da izango aurten, baina mobilizazio eta ekimenik ez da faltako; hasteko, hilaren 6an emakumeen inguruko Dantzipuinak emanaldia Ixabel Agirresaroberekin eta Sebastopol dantza eskolakoekin Sutegin eta bertso-afaria Artzabalen, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Oihana Bartrarekin (gai-jartzailea, Amaia Agirre). Hilaren 8an, hausnarketa saioa, manifestazio zaratatsua, bazkaria eta bazkalosteko girotzea. 

Kattalin Miner idazle eta kazetariarekin, Uxue Alberdiren "Jenisjoplin" eleberria aztertuko dute martxoaren 11n 19:00etan Sutegi udal liburutegian ospatuko den euskarazko irakurketa-solasaldian. Maider Usabiaga herritarrak Alpeetara eginiko bidaiaren kontakizuna egingo du bertan hilaren 13an; BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako saria irabazi berri du.

Azkenik, Coral Herrerak autoestima eta autozaintza feministaz jardungo da hilaren 29an. Ziklo honen bueltan heldu berri zaigun beste deialdi bat; Udala Kalezarren birgaitzen hasi den Pelaioenea eraikinean kokatuko da etorkizunean Emakumeen Etxea. Egitasmo honi buruzko parte hartze prozesua abiatzekoa da Udala apirilean. Martxoaren 14an 12:30etan Sutegiko erakustaretoan egingo dute lehen aurkezpen ekitaldi irekia.

Soinurbil
Martxoaren 8arekin batera, hilabete honetan ospatu ohi den ibilbide luzeko beste ziklo bat bueltan datorkigu: Zumarte Musika Eskolak antolaturiko 16. Soinurbil Musika Astea, hilaren 9tik 15era. Iragarri dituzten ekitaldien artean nabarmentzeko bat; Usurbilgo Elizan dagoen organoa herri honetara ekarri zutenetik 100 urte bete dira. Omenaldi ekitaldia antolatu diote Irriu eta Zumarte abesbatzak, baita txistulari taldeak ere herriko organistekin batera. Organoa ezagutzeko bi bisita gidatu ere izango dira, Soinurbil abiaraziko dutenak hain zuzen.

Bisitan izango ditugu Zumartekoekin egingo duten truke esperientziaren baitan, Altsasuko Musika Eskolakoak. Inguru haietako Sakanako Musika Banda kalejiran eta kontzertuan ikusi eta entzun ahalko dugu. Usurbila datoz baita, Illunbe Orkestra Sinfonikoa eta Broken Brothers Brass Band kale giroa astintzera. Musika eta birziklatzea lotuko dituen "Trakamatraka" emanaldia ere iragarri du Zumartek, Artzabalgo plazan. 

Filmak igandeetan
Proiekzioentzako asteko egun hautatuena igandea izan ohi da Usurbilen. Aurrekoan borobildu zuten Udalak eta Ziortzak negu parte honetarako haur eta gaztetxoei zuzenduriko euskarazko zine zikloa. Film emanaldi gehiago izango dugu halere, hurrengo asteotan, NOAUA! Kultur Elkartearen eskutik. Batetik, martxoaren 15ean euskarazko film laburren 17. Laburbira, azken aldian Euskal Herrian euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezko lan berrienekin. Eta hilaren 29an, "Lur eta Amets" animaziozko filma.  

Antzerkiaren Nazioarteko Egunaren harira, "Birritan bortxatua" antzezlana antolatu du Atea Teatro taldeak, eta afalosterako kontzertua segidan, "Ekiza" taldearekin.

Ekitaldi gehiago ere bai hilabete honetan, Usurbilgo Udalak argitaratu duen kultur agendak berri eman bezala: