Udalak egun alokairu sozialera bideratzen dituen 19 etxebizitza ditu. 12 Txaramunton, beste 7 Agerialde pareko “Maixu-etxe” izenez ezaguna zaigun Gernika ibilbidea 13ko eraikinean. Eraikin bereko zortzigarren pisua erreserbatua du Udalak, larrialdi egoeretarako. Laster alokairu sozialerako beste bi etxebizitza gehiago izango ditu; Santuenean egokitze lanetan dituzten bi pisu. Udal bizilekuok alokairu sozialera bideratzen urteak daramatzaten arren, “premiak bere horretan darrai zoritxarrez”, diote udal gobernu taldetik.
Bizilekuok orain arte zozketa bidez bost urterako esleitzen zituzten. “Modu horrek hainbat arazo ekartzen zituen” ordea, udal gobernu taldeak duela astebeteko udalbatzaren osoko bilkuran gogorarazten zuenez. Hasteko, “ez zien unean uneko beharrei erantzuten”. Horrekin batera, “etxebizitza eskubidea zori kontua izatea ez zaigu justua iruditzen”. Bestalde, orain arte etxebizitza hauek husten joan ahala, aurrez izena eman eta itxarote zerrendan zirenei esleitzen zitzaizkien, baina pisuok esleitutako garaian osaturikoa izanik, zerrenda hau zaharkitua geratzen zen.
Udal erregistroa
Honenbestez, esleipen modu hau aldatzea proposatu zuen udal gobernu taldeak otsailaren 27ko udalbatzarrean, “egungo beharrei hobeto erantzuteko”. Udalbatzak “alokairu sozialean eman beharreko udal etxebizitzen errentariak onartu eta hautatzeko oinarriak” hasieraz aldatzea onartu zuen aho batez.
Etorkizunean udal jabetzako etxebizitzen esleipen prozesuan parte hartu nahi dutenek ezinbestekoa izango dute “Etxebizitza Eskatzaileen Udal erregistroan alokairupeko etxebizitzetarako” izena ematea. Puntuazio sistema batekin erabakiko da, eta ez zozketa bidez orain arte bezala, nori esleitu etxebizitzok. Horretarako balorazio irizpide ezberdinak finkatuko ditu Udalak; familiaren osaera, egoera ekonomikoa, osasuna, babes bereziko egoerak... Puntu gehien biltzen dituztenei esleituko zaizkie etxebizitzak. Bestetik, udal etxebizitza bat libre geratzen den bakoitzean, eskatzaileen zerrenda eguneratuko da eta balorazio berri bat egingo da.
Udalbatzak hasieraz onarturiko alokairu sozialera bideratu beharreko udal etxebizitzen errentariak onartu eta hautatzeko oinarri berriok, otsailaren 29az geroztik (otsailaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu moduan) jendaurrean daude hilabetez. Erabakia Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betikoz onartutzat joko dira. Horren ostean, Txaramuntoko 6 etxebizitza esleitu asmo ditu Udalak.
Erregistroaren araudia ere onartua
Aipatu moduan, aurrerantzean udalaren jabetzakoak diren alokairu sozialeko etxebizitzen esleipen prozesuan parte hartzeko eskatzaileen udal erregistroan izena eman beharko da. Erregistro honen araudia ere hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez baita, otsailaren 27ko osoko bilkuran. Otsailaren 29az geroztik (otsailaren 28ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak berri eman bezala) jendaurrean da hilabetez. Tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz, behin betiko onartutzat joko da. Araudi honen bidez, prozedura hauetan etxebizitza “eskatzaile guztien gardentasuna eta berdintasuna” bermatu nahi da. Udal-erregistro iraunkor eta eguneratua izango da.