Kontratu luzapena Haur Eskolarekin

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 3a, 09:48

Usurbilgo Udalak eta Udarregi Ikastolak 2008an sinatua zuten “Haur Eskolako lokala eta instalazioen erabilpena eta zerbitzuaren kudeaketa arautzen duen” hitzarmena urtebetez luzatzea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, EHBilduren aldeko bozkekin eta EAJ zein PSE abstenituta, otsailaren 27an egin zuen osoko bilkuran.

2020ko abuztuan 12 urteko hitzarmenaren iraupena iraungiko da. Alde bakarrez urtebetez luzatzeko aukera dago. Beñat Larrañaga EHBilduren zinegotziak aurreko udalbatzarrean adierazi zuenez, bi aldeek (Udalak eta ikastolak) adostu zuten egungo hitzarmena beste urtebetez luzatzea, eta berria prestatzeko lanketa abiatzea. Berria, 2021. urte hasiera ingururako prest izatea aurreikusten dute.

Beharrezko zerbitzua
Urte hauetan guztietan eskaini den zerbitzuaren balantze txiki bat ere plazaratu zuen udal gobernu taldeak. Ikasle kopuruan izan den bilakaera batetik. 0-3 urte arteko 140-150 ume izatera heldu zen Haur Eskola bere garaian. Azken urteotan ordea, 40-50 ingurura murriztu da. Beherakada faktore anitzengatik gertatu da, tartean, jaiotze-tasan izandako jaitsieragatik. Oro har, “zerbitzua ondo baloratua” dagoela nabarmendu zuten udal gobernu taldetik egin izan duten galdetegietan. “Beharrezko zerbitzu bezala ulertzen da”.

EAJ-k abstenituko zela iragarri zuen, “eskola publikoaren aldekoak” direla argudiatuta. Ikastolari esleitua egon arren, Haur Eskola udal zerbitzu publikoa dela gogorarazi zien alkateak.