Usurbil ere “Oinherri”, herri hezitzaileen sarean

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 3a, 09:22

Usurbil “OinHerri, Herri Hezitzailean” sartzeko konpromisoa hartu zuen udalbatzak aurreko asteko osoko bilkuran, EHBilduren eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen.

Hiru ardatzetan oinarritzen da egitasmoa; udalean, hezkuntzan eta herrigintzan. Xedeok bete nahi dira. “Jolasa eta sormena ikasteko eta garatzeko berariazko tresnatzat dituen haurren kultura aitortzea; hori oinarri hartuta, haurrei benetan parte hartzeko eta erabakitzeko ahalmena ematea; eurek eraikitako aisia hezitzaile eta euskaldunaren bitartez, aniztasunean berdin eta parekide izanez eta ingurumen naturala eta kulturala zainduz, komunitate-sarea eta auzolana indartzea, eta pertsonen arteko harreman osasuntsu, justu eta asegarriak jostea”.

Udalak eta egitasmoko arduradunek sinatuko duten hitzarmenaren baitan, abia daitezkeen dinamiketan lagundu, herrien arteko esperientzien trukea sustatu eta esperientzia guztiokin webgune bat elikatuko du OinHerrik.

EAJ-k “kanpoko eragile” batek halako lan bat egiteko beharrik ez zuela adierazi zuen. “Ez dator ezer ordezkatzera”, erantzun zioten udal gobernu taldetik. “Dauden eragileen arteko sinergiak bilatzea da helburua”. Eremu honetan diharduten herri eragileen artean interesgarriak izan daitezkeen proiektu bateratuak sortzea, beste herrietako esperientziak ezagutzea eta ekarri ahal izatea. Eraikuntza nazionalerako egitasmoa izan nahi duela azpimarratu zuen EHBilduk.