Bakean dagoenari gerra, ehungarrenez

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 4a, 11:32

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek sortu eta Lankuk ekoiztutako Bakean Dagoena Bakean Utzi bakarrizketa ikuskizuna 100 emanaldira iritsiko da laster. Umorea, generoa eta euskara ardatz dituen ikuskizun honek harrera beroa jasotzen ari da Euskal Herriko txoko guztietan, bai eta aurreiritzi eta mugak apurtzen ere. Udazkenerako pieza berria prestatzen ari dira.

Orain urtebete taularatu zuten lehenbiziko aldiz Mirari Martiarena eta Idoia Torregaraik Bakean Dagoena Bakean Utzi binakako bakarrizketa saioa, eta orduz geroztik Euskal Herriko txoko ugaritan barrez jarri dute jendea. Usurbilen ere izan ziren, Usurbilgo Udalaren Parekidetasun Sailak antolatuta. Datorren astean 100. emanaldia eskainiko dute Bilboko Kafe Antzokian.

 

“Emakumeok ere umorea egin dezakegu”

Mirari eta Torregaraik aitortzen dute ikuskizunaren izenburua gezurra dela: “Justu kontrakoa da bilatzen duguna, hau da, bakean dagoena bakean ez uztea. Izan ere, gauza batzuk ez badituzu astintzen ez dira aldatzen, eta horixe la lortu nahi duguna, aldaketa bat. Emakumeok umorea egin dezakegula frogatu nahi dugu alde batetik, oraindik ere gizonezkoen mundua baita hau eta aurreiritzi asko baitago. Oraindik ‘emakumeek ez duzue umorerik’ esaten dute”.  

"Betaurreko umoreak jantzita ateratzen gara, baina argi geratu dadila gizonentzat ere badela ikuskizuna"

Umorearen bidez hain zuzen, gai konkretu batzuez hitz egin nahi dute, “emakumeen gauzak izateagatik askotan ezkutuan egoten baitira (gorputzak, amatasuna, parranda, hilekoa,...). Umorea kritika egiteko eta gauzak iraultzeko oso tresna eraginkorra da, eta hori baliatu nahi dugu barrearen bidez hausnarketa sustatzeko ere. Betaurreko umoreak jantzita ateratzen gara, baina argi geratu dadila gizonentzat ere badela ikuskizuna. Hain zuzen ere gizonezkoak etortzea ere bada gure helburua, ‘gure gauzekin’ ere ondo pasa dezaketela erakutsi nahi dugulako. Azkenik, hori guztia euskaraz eta euskararekin jolastuz egingo dugu, guretzat hori baita gure bizitzeko eta umorea egiteko hizkuntza”.

 

“Opari bat izan da guretzat”

100 saio egin ondoren ilusioa ez dutela galdu aitortu digute bi artistek: Bakean Dagoena opari bat izan da gu biontzat. Aspaldidanik egin nahi genuen elkarrekin umorearekin lotutako zerbait eta bi urteren ondoren amets bat betetzen ari garela esan dezakegu. Jende aurrean jartzen garen aldiro gozatzen dugu, egin nahi duguna egiten ari garelako, gozatu egiten dugulako eta jendearen erantzuna zoragarria izaten ari delako. Emanaldi bakoitza desberdina izaten da eta beti izaten dugu inprobisatzeko tartea ere. Ikuskizuna horren arabera ere aldatzen joan da bi urte hauetan”.

Bi umoregileak oso eskertuta daude Lankuri, bertsolaritzaren azpiegitura indartzeko sortutako kultur enpresari: “Oraindik buruan proiektu bat genuenean soilik Lankuk gure aldeko apustua egin zuen. Gurea ez da bertsoarekin bere osotasunean lotutako emanaldia (ahozkotasunarekin gehiago), baina hasieratik bidea eman ziguten esperientziarik gabekoak izanagatik ere. Harreman oparoa izaten ari da”.

 

Emanaldi berri bat begi-bistan

Bakean Dagoena Bakean Utzirekin oso gustura daude baina dagoeneko hasi dira beste emanaldi bat prestatzen: “Umoregile bezala definitzen dugu gure burua eta bakarrizketen formatu honekin oso eroso sentitzen gara. Horregatik, dagoeneko prestatzen hasi garen emanaldi berriaren formatua ere berdintsua izango da. Gaiaren aldetik ere jarraituko dugu gure esperientziatik kontatzen, hau da, emakume euskaldunen ahotsetik eta umorez. Saio askoren ondoren emakume ugari hurbildu zaizkigu eskerrak ematen ‘gure gaiak’ umorez lantzeagatik. Eta egia da energia indartsua sortzen dela, identifikazio-maila oso handia ematen delako. Pentsa, askotan gaiak ere proposatzen dizkigute!”.

Martiarena-Torregarai bikoteak adierazi digunez, “asko gozatzen dugu sormen lanarekin ere, eta gogoz gaude emanaldi berria erditzeko. Ea Bakean Dagoenak eman digun poza errepikatzen dugun bigarrengoarekin ere!”.

Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain.