Apirilaren 10ean Usurbildik igaroko den Itzuliaren xehetasunak eskaini ditu antolakuntzak

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 5a, 08:43

Euskal Herriko txirrindularien itzulia Usurbildik igaroko da apirilaren 10ean. Errenterian hasi eta Sestaon (Bizkaia) amaituko den bosgarren etapako xehetasunak eskaini ditu antolakuntzak.

Euskal Herriko Itzuliaren 60. edizioa ere Usurbildik igaroko da. 897,9 kilometroko ibilbidea izango duen edizio borobil hau, apirilaren 6tik 11ra ospatuko da. 6 etapa izango ditu. Azken aurrekoa, bosgarrena da Usurbil zeharkatuko duena. Apirilaren 10ean abiatuko da Errenteriatik eguerdiko 12:59an, Donostia inguruak zeharkatu ondoren Txikierditik barrena, Usurbil eta Aginaga igaroko dute txirrindulariek, N-634 errepidean barrena. 180 kilometroko etapa honek Bizkaiko Sestao izango du helmuga, 17:17-17:44 artean.

"2020ko Itzuliko etapa lauena izango da. Esprinterrentzako azken aukera izango da. Etapa errazena izango da sailkapen nagusiko gizonentzat, hurrengo eguneko erlojuperako indarrak gorde ahal izateko. Dena dela, azken 25 km-ak nola garatzen diren kontuan hartuta, ezustekoren bat eduki ahal izango dugu", berri eman du antolakuntzak.

Aurreratu dutenez, "etapa honek bi mendate eta bi esprint izango ditu:
- Areitio 3. mailakoa 82,6. kilometroan: 2,3 km-ko luzera / %5,8ko malda / 134 m-ko desnibela.
- La Reineta 2. mailakoa 157,4. kilometroan 6,4 km-ko luzera / %5,6ko malda / 357 m-ko desnibela.
- Esprinta Sestaon, 144,4. kilometroan.
- Esprinta Santurtzin, 175,1. kilometroan.

Itzulia Etapaka:
-Apirilak 6, 1. etapa: Eibar - Arrate (160.15 km)
-Apirilak 7, 2. etapa: Amurrio - Laudio/Ermualde (162.8 km)
-Apirilak 8, 3. etapa: Gasteiz - Ibardin (197.98 km)
-Apirilak 9, 4. etapa: Bera - Errenteria (175.83 km)
-Apirilak 10, 5. etapa: Errenteria - Sestao (180.04 km) (Usurbildik igaroko da)
-Apirilak 11, 6. etapa: Bilbao - Bilbao (C.R.I. 21.1 km)

Espainiako "La Vuelta", abuztuaren 18an
Espainiako 75. "La Vuelta" txirrindularitza probako etapetako batek (169,5 kilometroko luzeera duen laugarren etapak) Usurbil zeharkatuko du abuztuaren 18an. Bereziki iberiar penintsulako ipar partea zeharkatuko duen 75. edizioa abuztuaren 14an Herbehereetan abiatuko da Utrecht-en. Lehen hiru etapak (tartean, erlojuz kontrako taldekako proba) osatuta, handik zuzenean Euskal Herrira dator abuztuaren 18an. Laugarren etapa hain zuzen, Irunen hasi eta Arrate gainean amaituko da. Ibilbide horretan "La Vuelta"k Usurbil zeharkatuko du. Etapako 26. kilometroa izango da herri hau.

169,5 kilometroko etapa, aipatu moduan Irunen hasiko da. Gero Orereta eta Donostia aldera joko du. Handik Usurbil aldera etorriko dira txirrindulariak. Gero Orio aldera joango dira. Arrate gainan izango dute kokatua helmuga. Informazio gehiago: lavuelta.es


EUSKAL HERRIKO ITZULIAREN IBILBIDEA