"Herritarrek ezin dute pediatrarekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu"

Anbulatorioko pediatrak ez daki euskaraz. Herritarrak kexatu dira. Udalak kexu hau jaso eta salaketa bana aurkeztu du Behatokian eta Elebiden. Horrekin batera, albiste honetan duzuen gutuna ere helarazi die osasun zerbitzuetako arduradunei.  

Anbulatorioan dagoen pediatra bakarrak euskaraz ez dakiela eta izan diren kexuen harira, gutun bana igorri die Usurbilgo Udalak, Donostiako ESIko pertsonaleko zuzendariari, Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteari, Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuari eta Osakidetzako giza baliabideetako zuzendariari. 

Gutunean hasteko, Usurbilgo osasun-etxean bizi den egoera deskribatzen du Udalak. Aldi baterako (apirilera arte gutxienez) anbulatoriora ekarritako pediatrak euskaraz ez dakiela berri ematen du. Behin behinean lanean jardunda ere, "behar-beharrezkoa da ordezkapenak egitera datorren profesionala ere euskalduna izatea". Datorren pediatra elebiduna izatea eskatzen du Udalak, "eta irizpide bera manten dadila etorkizuneko ezein lanpostu-aldatze zein kontratazioetan". 

Hala ez izateak "esan nahi du haur guztiak gaztelaniaz artatuko direla aldaketaren bat egin artean". Horrez gain, herritarrak kexu direla ohartarazten du gutunak, "ezin dutelako pediatrarekin eroso sentitzen diren hizkuntzan komunikatu".

Usurbil euskararen arnasgunea dela gogorarazten diote osasun alorreko arduradunei, %78ko euskaldun indizea duela, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kidea dela. Hizkuntzak osasungintzan duen berebiziko garrantzia nabarmentzen du Udalak, legeak ere hala jasotzen duela, "osagilearen eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko funtsezkoa" baita. Ondorioz, pazientea euskalduna izan edo hizkuntza horretan artatua izatea nahi duenari, "zerbitzua euskaraz bermatu behar zaio" dio Udalak.

Hemen duzue Udalaren gutuna bere osotasunean: