Hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko eskura ditugun bideak

Euskaraz ez dakien anbulatorioko egungo pediatraren kasuan bezala, egunerokoan eremu anitzetan pairatu ditzakegun hizkuntza-eskubideen urraketak salatu, kexatu edota kontsultaren bat egiteko bide ezberdinak ditugu.

Euskaraz ez dakien Usurbilgo pediatraren kasuan bezala, euskaldunon hizkuntza-eskubideak sarritan izaten dira urratuak egunerokoan eremu anitzetan. Urraketok salatzeko bide ezberdinak ditugu. 

USURBILEN
Usurbilgo Udalak edota NOAUA! Kultur Elkarteak bere garaian kexak jasotzeko buzoiak jarri zituzten. Kexu edo salaketak guneotatik bidera ditzakezue. 

BEHATOKIA
Geure hizkuntza-eskubideren bat urratzen dutenean, salaketa bidera dezakegu Hizkuntz Eskubideen Behatokira. "Kexa, zorion eta kontsultak konfidentzialtasunez bideratuko dira, zure datuak publiko egin gabe". 

Doako Euskararen Telefonoa zerbitzua dute Behatokian. "Euskararen telefonoa Behatokiaren doaneko zerbitzua da. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna zuzen eta eraginkorra izan nahi du. Zerbitzu hau Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago". Zerbitzu honetara jo daiteke kasuotan:
-Kexa egiteko: euskara erabiltzeko duzun eskubidea ez badizute errespetatu edo euskara erabiltzeagatik kaltetua izan bazara.
-Zoriontzeko: euskaldunon hizkuntza-eskubideak bereziki ongi zaintzen dituzten erakundeen jokabide eredugarria txalotu nahi baduzu.
-Kontsulta egiteko: zeure hizkuntza-eskubideen inguruko galderaren bat baduzu, argibideak, informazioa, aholkularitza juridikoa… behar baduzu.

Behatokiarekin modu honetan jarri daiteke hartuemanetan:
behatokia.eus
690 93 24 72/948 146 172
telefonoa@behatokia.eus

ELEBIDE
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua da Elebide. Ondoko estekan sartuta "zure kexak, kontsultak eta iradokizunak" egin ditzakezu: Elebide.