Martxoak 8

"Dantzipuinak" eta bertso-afaria, Emakumeen Egunari lotutako bi hitzordu gaurko

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 6a, 12:15

Martxoaren 8ra begirako bi hitzordu ostiral honetan (hilak 6); bertso-afaria Artzabalen eta afalaurretik, "Dantzipuinak" emanaldia Sutegin. 

Iazko greba eta planto egun historikoaren ondotik ate joka dugu berriz Martxoaren 8a. Ekimen anitz antolatu dira Usurbilen, Emakumeen Egunaren harira. Tartean, aipatu moduan, ostiral honetarako bertso-afaria Artzabal jatetxean. 

Gure Pakea Elkartearen egoitza den tokitik bertatik mugitu gabe, Lurdes Hueta argazkilariaren Martxoaren 8ari lotutako irudi bilduma ere ikusgai izango duzue asteotan. 

Mobilizazio eta ekimen ezberdinez osaturiko Martxoaren 8a bidean datorkigu. Gaurko bertso-afariaren aurretik, "Dantzipuinak" emanaldia Sutegin. Muxurbil antzerki taldearen eta Sebastopol Dantza Eskolaren eskutik, Dantzipuinak izeneko emanaldi ezberdin batez gozatzeko aukera izan genuen iazko Usurbilgo jaien hasieran Sutegin. Europa nahiz Ekialde Hurbileko dantza adierazpen eta kontakizunez blaitutako emanaldiaz gozatu ahal izan zuten kultur etxera gerturatu zirenek. 

Izenburuak dioen moduan dantza eta ipuinak tartekatu zituen saioak. Sebastopol dantza eskolako kideak dantzan aritu ziren artean, herritar bat, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari gisa aritu zen. “Ipuinak entzun eta dantza zuzenean eskaintzen da. Dantza, ipuina. Ipuina, dantza” uztarturik eta zuzenean, antolatzaileen esanetan.

Emanaldi haren haritik dator, ostiral honetarako iragarri dutena ere. Martxoaren 6an 18:30etan Sutegin "Dantzipuinak" saio berria, oraingoan Martxoaren 8a ate joka izanik, emakumeen ingurukoa. 


2020ko MARTXOAREN 8A
Otsailak 28-martxoak 31
Lurdes Huetaren argazki erakusketa Artzabal jatetxean.
Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.

Martxoak 6, ostirala
18:30 
Dantzipuinak emanaldia Sutegin, Ixabel Agirrerasobe kontalariarekin eta Sebastopol dantza eskolako kideekin. Emakumeen inguruko ipuin eta dantzak elkartuta sortu duten emanaldia.
21:00 Bertso-afaria Artzabal jatetxean, Uxue Alberdi, Onintza Enbeita eta Oihana Bartrarekin. Gai-jartzailea: Amaia Agirre. Txartelak: 18 eurotan salgai Artzabal jatetxean, otsailaren 26tik aurrera.

Martxoak 8, igandea
10:00-12:00 Frontoian bilduko gara elkartu eta partekatzeko.
13:00 Manifestazio zaratatsua frontoitik.
Ondoren, tupper/kazuela bazkaria frontoian. Ekarri etxetik bazkaria!
Bazkaloste girotua eta Kafe Tertuliaren showa.
18:00 Eskualdeko manifestazioan izango gara guztiok elkarrekin. Mobilizazioak besteak beste, Hernanin eta Donostian (Bulebarretik).

Martxoak 11, asteazkena
19:00 
Uxue Alberdiren “Jenisjoplin” eleberriaren inguruko euskarazko irakurketa-solasaldia ikuspegi feministatik Sutegi udal liburutegian, Kattalin Miner idazle eta kazetariarekin. Liburuaren aleak aurrez eskuragarri liburutegian.

Martxoak, 13, ostirala
18:30 
Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazle Maider Usabiagaren “Bidaia intimo eta gogoangarria Alpeetan barna” solasaldia Sutegi udal liburutegian.

Martxoak 28, larunbata
9:00-14:00 (goizekoa betetzen bada 15:00-20:00 artean bigarren saioa) 
“Jada maitasunagatik sufritzen ez duten emakumeak: autoestimua eta autozaintza feminista” tailerra Coral Herrerarekin Potxoenean (erdaraz). Izen ematea doan, bideotatik:
parekidetasuna1@usurbil.eus/ 943 377 110. 

Antolatzaileak: M8 taldea eta Usurbilgo Udala.