Abisu horian prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 6a, 08:06

80-110 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegulakoan eta metro karratuko 60 litro baino gehiago pilatu daitezkeelakoan, abisu horian izango gara datozen orduotan. Azken orduotan ekaitz giroa eta kazkabar zaparrada bat baino gehiago izan dugu.

Ostiral honetan Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Noizbehinka trumoi-ekaitza eta txingorra izango dira. Ipar-mendebaldeko haize gogorra ibiliko da. Tenperatura maximoak nabarmen edo asko jaitsiko dira".

Larunbat arratsaldean egingo du hoberantz. "Egunaren lehenengo partean, goibel eta euritsu. Arratsalde-gau partean atertzera egingo du eta ostarteak agertuko dira. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; azken orduetan hego-haize ahula ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Martxoaren 8rako eguraldi ederra iragarri dute.

Testuinguru honetan, abisu horian izango gara datozen orduotan.

ABISU HORIAN
Martxoak 6, ostirala
03:00-21:00 Abisu horia haizeagatik: 100-110 kilometro orduko abiadura gaindi dezake haizeak haizeguneetan, 80 kilometro ordukoa haizeguneak ez diren tokietan.

Martxoak 6-7, ostirala eta larunbata
06:00-09:00 27 orduz (martxoaren 6ko 6:00etatik martxoaren 7ko 9:00ak arte) abisu horia prezipitazio iraunkorragatik: "Gipuzkoako zenbait lekutan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdean".

ASTEBURURAKO IRAGARPENA
Martxoak 6, ostirala
"Gaur zaparradak sarri eta indar handiz botako ditu, batez ere ipar isurialdean; zaparrada horiek trumoitsuak izan daitezke, eta kazkabarra ere bota dezake, batez ere goizean. Hegoaldean zaparradak txikiagoak izango dira orokorrean. Elur-kota 700-800 m inguruan egongo da, baina puntualki gehiago jaits daiteke. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, bereziki kostaldean eta Ebro ondoko eskualdean. Tenperatura maximoak 5 eta 12 ºC artekoak izango dira".

Martxoak 7, larunbata
"Larunbata aurrera joan ahala eguraldiak lasaitzera egingo du. Egunaren lehenengo partean hodeiak ugariak izango dira eta euria egingo du, bereziki ipar partean. Arratsaldean atertzera egingo du nabarmen, gauean ateri eutsiko dio eta ostarte zabalak agertuko dira. Elur-kotak gora egingo du eta egunaren amaieran 1500 metrotik gora kokatuko da. Egunaren hasieran eta amaieran hotz egingo du; egunaren erdialdeko orduetan, berriz, giroa ostiralekoa baino epelagoa izango da. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da; arratsaldean haizeak indarra galduko du eta egunaren amaieran hegoaldetik finkatuko da".

Martxoak 8, igandea
"Igandea hodei gutxi batzuekin eta lainoguneekin hasiko dugu. Lehen orduetan hotz egingo du eta ez da baztertzen Araba eta Nafarroako zenbait txokotan izotza bota dezakeenik. Egunak aurrera egitearekin batera hodeiak ugarituz joango dira eta arratsaldean zehar euritara joko du ipar partean. Hasieran haizeak hego-mendebaldetik joko du eta arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du, oro har, indar handirik gabe. Eguneko tenperatura maximoek gora egingo dute eta 15-17 ºC ingurura iritsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus