Emakumeak goizean goizetik kalean, plaza hartuta, elkarrekin, elkar ezagutzen, hausnartzen, mobilizatzen… Ahaztezina izan zen iazko Martxoaren 8a Usurbilen. Planto historikoa egin zuten emakumeek, egun horretarako deitua zegoen greba feministan. Aurrekaririk gabeko irudiak ikusi ziren. Emakumeek hartu zituzten herriko kaleak, hitza eta erabakia, manifestazio historiko batek herria zeharkatu zuen...
“Ikaragarrizko ezustekoa”, hala deskribatu digute iazko Emakumeen Egunean Usurbilen bizi izandakoa, egun hartako ekimenak antolatu eta aurtengo edizioko azken prestaketa lanetan buru-belarri murgilduak diren “M8 egunero da” taldeko kideek. Oroitzen dute nola goizeko 8:00etarako kalean ziren prestaketa lanekin, euripean. “Denok urduri, ez genekielako 10 emakume edo 200 etorriko ziren. Zalantza asko genituen. Antolaketa lana, benetan zer gertatuko zen jakin gabe bideratu genuen”. Baina bapatean “emakumeak etxetik jaisten zihoazen etenik gabe, frontoia betetzen”. Eta bai, “helburua bete zen, horraino ailegatuko ginela jakin gabe”.
Egun hartako une bat baino gehiago erretratatu zituen Artzabalen ikusgai duzuen Lurdes Hueta argazkilariaren erakusketak. Aurtengorako girotzeko balio izatea nahi dute, “ikusteko iaz nola bat egin zuen herriak greba feministarekin. Oso irudi ederra geratu zen denon memorian”. Bai goizean antolatu zuten hausnarketa saioan, eta eguerdiko mobilizazio zaratatsuan ere, “Usurbilen ikusi den manifestazio handienetarikoa” izan zela oroitzen dute.
Iazkoa bistatik galdu gabe, eta izan zuen harrera ikusita, ildo berari eustea erabaki dute aurtengoan. Dakizuenez, Euskal Herriko Mugimendu Feministak ez du greba feminista deitu oraingoan, baina “borroka feminista beharrezkoa da oraindik” gogorarazi dute. Lekuan lekuko eragileek ekimen anitz antolatuko dituzte. Usurbilen, “M8 egunero da” taldea asteartero biltzen aritu da Potxoenean urtarrila amaieraz geroztik, egitaraua osatzeko.
Elkarrekin egon eta ezagutzeko gonbita
Parte hartzeko gonbita luzatzen diete emakumeei. “Iaz hasitakoa ez dadila eten eta segida eman diezaiogun. Animatu eta kalera atera!”. Herriko kale eta plazak hartzera gonbidatzen dute, goizetik, baina baita “eseri, partekatu, elkarrekin egon, elkar ezagutzera”.
Frontoian biltzeko hitzordua finkatu dute 10:00etan, “emakumeei arduratzen dizkiguten” gai desberdinez taldeetan hausnartzera. “Emakumea bizitza honetan non dagoen kokatua, bizi duen prekarietatea, gauetan gertatzen denaz…”, hausnartu zuten iaz. Antzeko kezkak zituzten guztiek. “Adin, pentsaera, bizipen desberdinetako emakumeak bildu ginen. Oso interesgarria izan zen halere, denoi gai berdinek ukitzen gaituztela ikustea”.
Hainbat horma haustea ekarri zuela nabarmendu digute. Bai ekimenak antolatzerakoan, eta Martxoaren 8an bertan. “Elkar ezagutzen ez genuen emakume asko bildu ginen. Elkarrekin eserita, lotsak alboratuta. Partekatze lan handia izan zen”. Frontoiko iazko partekatze saioaren amaierarako, “denak harrapatuak utzi zituen energia sortu zen. Formularekin asmatu zen”. Oso baliagarria izan zen, “emakume askorentzat norbere burua kokatzeko, eztabaida irekitzeko”. Nabarmendu nahi dute, askok nola greba egiteko ausardia handia erakutsi zuten.
Gogoan izan, emakumeen lan, kontsumo edota zaintza greba eguna izan zela iazko Martxoaren 8a. Gizonezkoei egin zitzaien ardurok euren gain hartzeko deia. “Berria zen. Garrantzitsua izan zen gizonezkoei azaltzea hau denok irabazteko zela. Guk orain atera beharko genuela kalera, baina horretarako beraiek hainbat ardura hartu behar zituztela eremu anitzetan”. Mundu mailako greba feministari esker, aipatzen dutenez, “gizonezko askori begiak ireki zitzaizkien”. Argi dago halako prozesu bat ezin dela egun batetik bestera jorratu, baina “bidea ireki da” elkarrizketatuen esanetan, aurreiritzi asko apurtzearekin batera.
Migranteak erdigunean
Iazko formatuaren arrakasta ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. Emakundek Martxoaren 8rako argitara emandako karteleko “katerik gabe katean. Ezinbesteko katebegia gara aurrera egiten jarraitzeko” aldarria baliatuko dute. Bertan katean elkarri helduta ageri dira, gaztea, heldua eta migrantea den emakume bana. “Mezu asko zeuden aldi berean; pentsatu genuen irudi hori hartu eta hausnarketarako hiru gai multzo proposatzea”. Batetik, “nahi dudana izango naiz eta ez besteek nahi dutena”. Neska gazteen gaiak txertatuko dituzte bertan; jasaten duten kanpoko epaiketa etengabea edo kanpo presioa esaterako.
Mugimendu feminista antolatua egotearen beharraz ere ariko dira eta emakume migranteen egoera ekarri nahi dute plazara, jakinik, migrante askok ezingo dutela bertan egon. “Gai honi serioski heldu behar diogu”, nabarmendu digute “M8 egunero da” taldeko kideek. Igande honetan ere ikusiko da; “migranterik ez da izango gure taldeetan eta hori ere agerian jarri behar da. Guk haietaz hitz egingo dugu baina lehen pertsonan haien errealitatea nork azalduko digu?”, galdetzen dute aipatu taldetik. “Ziurrenik igandean ordutegiz kanpo lanean ariko dira, etxean diru hori behar dutelako”.
Egoera zehatzak planteatuko dituzte, hausnarketa abiatzeko. Gero manifestazio zaratatsua egingo dute, bazkaria frontoian, eta Usurbilgo kafe tertulia talde feministako neska gazteen emanaldia izango da. “Baten bat oholtza gainera igo eta zerbait inprobisatzera animatzen bada, aurrera”. Eguna borobiltzeko, eskualdeko mobilizazioetara batera joateko deia egingo dute.