Martxoak 8

Manifestazio zaratatsua, hausnarketarako saioa eta bazkalosteko "showa" Martxoaren 8an

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 6a, 08:50

Iaz bezala aurtengorako ez dago antolatua greba feministarik, baina kale eta plazak hartzeko deia egin du "M8 egunero da" Usurbilgo taldeak igande honetarako, Martxoaren 8rako. Egun osorako ekimenak iragarri ditu.

Kalera, plazara ateratzeko deia egin die emakumeei "M8 egunero da" taldeak, igande honetan. Goizeko 10:00etarako finkatu dute frontoian biltzeko hitzordua. Iaz bezala, emakumeei lotutako hainbat gai hartuko dituzte ahotan. “Nahi dudana izango naiz eta ez besteek nahi duttend” aldarriaren bueltan, neska gazteen gaiak txertatuko dituzte bertan; jasaten duten kanpoko epaiketa etengabea edo kanpo presioa esaterako. Mugimendu feminista antolatua egotearen beharraz ere ariko dira eta emakume migranteen egoera ekarri nahi dute plazara, jakinik, migrante askok ezingo dutela bertan egon.

Zarata ateratzeko deia
Eguerdiko 13:00erako manifestazio zaratatsua iragarri dute frontoitik. Herriko kaleak zeharkatuko dituen mobilizazioa zaratatsua izatea nahi dute; honenbestez, txilibituak, zartaginak... zarata ateratzen duten tresnekin parte hartzera deitzen dute. 

Mobilizaziotik bueltan, norberak eramandako otorduarekin frontoian bazkaltzeko aukera izango da. Eserleku eta mahaiak izango dira bertan. Eta bazkalostean, Usurbilgo Kafe Tertulia feminista taldekoen "showa".  Mikrofono irekia izango da bertan daudenekin, zerbait partekatu nahi duten lagunentzat. 

Arratsaldeko 18:00etan deitu dira mobilizazio nagusiak eskualdeetan eta hiriburuan, Donostian. Donostiako manifestazioa Bulebarretik hasiko da. Usurbildik mobilizazio hauetara batera joateko deia egin da. Frontoiko azken ekitaldia amaituta abiatuko dira.

Azken asteotan Potxoenean biltzen aritu den "M8 egunero da" taldeak osatu du Martxoaren 8ko egitaraua. Ekimen guztiokin, emakumeak herriko plazak eta kaleak hartzera deitzen dituzte igandean. Elkarrekin plaza hartu, elkarrekin egon eta elkar ezagutzera.

Martxoak 8, igandea
10:00-12:00 Frontoian bilduko gara elkartu eta partekatzeko.
13:00 Manifestazio zaratatsua frontoitik.
Ondoren, tupper/kazuela bazkaria frontoian. Ekarri etxetik bazkaria!
Bazkaloste girotua eta Kafe Tertuliaren showa.
18:00 Eskualdeko manifestazioan izango gara guztiok elkarrekin. Mobilizazioak besteak beste, Hernanin eta Donostian (Bulebarretik).

Antolatzailea: M8 egunero da.