2020ko Martxoak 8

Herriko emakumeek hausnarketa eta partekatze gunean bilakatu dute frontoia

Emakumeei eragiten dizkieten hainbat gairen bueltan bilduta daude frontoian. Hausnartzen eta partekatzen. Hitzordu honekin abiatu dituzte Usurbilen, Martxoaren 8ko ekimenak.

Goizeko 10:00etarako belaunaldi ezberdinetako emakumeak biltzen hasiak ziren frontoian. Aipatzekoa, nabarmentzekoa, belaunaldi berriaren parte hartzea. Pilotalekuan bildu dira, emakumeei erabat lotutako hainbat gairi buruz hausnartu eta partekatzeko. Eta bide batez noski, inguru, ikuspuntu edota adin ezberdinetako emakumeak elkartu eta elkar ezagutzeko.

Hitzordu honekin abiatu dira Usurbilgo Martxoaren 8ko ekimenak. Antolakuntzaren esanetan, hiru gai multzo jorratu asmo zituzten, Emakundek gaurko argitara emandako kartelaren harira. "Katerik gabe katean" aldarriaren bueltan, hiru emakume ageri dira katean, besotik lotuta: neska gazte bat, emakume heldu bat eta emakume migrante bat. "Ezinbesteko katebegia gara aurrera egiten jarraitzeko" dio. 

Kartel honen edukia aintzakotzat hartuta, batetik, neska gazteei eragiten dieten gaiak ahotan hartu asmo dituzte; tartean, jasaten duten epaiketa etengabea. Mugimendu feminista antolatua egotearen beharraz ere ariko dira eta emakume migranteen egoera ekarri nahi dute plazara, jakinik, migrante askok ezingo dutela gaur bertan egon.

Adi datozen hitzorduei; 13:00ean manifestazio zaratatsua herritik barrena:

Martxoak 8, igandea
10:00-12:00 Frontoian bilduko gara elkartu eta partekatzeko.
13:00 Manifestazio zaratatsua frontoitik.
Ondoren, tupper/kazuela bazkaria frontoian. Ekarri etxetik bazkaria!
Bazkaloste girotua eta Kafe Tertuliaren showa.
18:00 Eskualdeko manifestazioan izango gara guztiok elkarrekin. Mobilizazioak besteak beste, Hernanin eta Donostian (Bulebarretik).

Antolatzailea: M8 egunero da.