2020ko Martxoak 8

"Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun!"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 8a, 19:23

Komunitate feminista konprometitu bat eraikitzera deitu dituzte Usurbilgo emakumeak eguerdian egin den manifestazio zaratatsuaren amaierako ekitaldian. "Antolatzera, elkarrekin hausnartzera, ahizpatasunera. Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun! Usurbilgo emakumeok ere aske izan nahi dugulako!".

Mobilizazioan zehar ahotan hartutako "Erasorik ez, erantzunik gabe!" eta "gora borroka feminista!" aldarrien artean abiatu dute manifestazio amaierako ekitaldia frontoian. Euskal Herriko Mugimendu Feministak prestaturiko adierazpena plazaratu dute "M8 egunero da" taldeko kideek. Segidan irakur dezakezue bere osotasunean.

Gaurkoan emakumeak mugimendu feministaren bueltan antolatzearen garrantzia nabarmendu dute. "Komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu", adierazi dute. Usurbildik hasita. "Usurbilgo emakumeak horretara deitzen ditugu, elkartzera, antolatzera, elkarrekin hausnartzera, ahizpatasunera. Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun! Usurbilgo emakumeok ere aske izan nahi dugulako!".

Emakumeon Mundu Martxaren lehen ekimenetik 20 urte bete dira aurten. 5. ekintza antolatzekotan dira mundu mailan. Herriz herri dinamika ezberdinak bideratu asmo dituzte, "urrian ekintza bateratu bat prestatzeko".

ADIERAZPENA
MARTXOAK 8
EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA
Aurten berriro ere kaleak bete ditugu, eta ozen eta argi esan dugu: jendarte eredu hau bizigaitza dela pertsona gehienontzat, batez ere emakume eta genero disidenteontzat, eta jasanezina planetarentzat. Greba feministetatik greba orokorrera joan ginen eta gaur borroka egun izugarria lortu dugu. Zorionak!

Gainera, aurtengo Martxoaren 8an 20 urte betetzen dira Emakumeon Mundu Martxa plataformak mundu mailako lehenengo ekimena egin zuenetik. Urte honetan ere, "bizitzeko erresistitzen dugu, eraldatzeko martxan gaude" lelo orokorraren baitan Nazioarteko 5. ekintza antolatuko da mundu mailan. Ekintza honen helburuen artean, mugak zein transnazionalek egun jokatzen duten papera salatu eta migrazioaren errealitatea ikusarazteko erabili nahi dugu. Hortaz, Euskal Herrian ere, datozen hilabeteetan nazioarteko ekintza prestatzeko lanetan murgilduko gara herrietan dinamika hauek pizteko eta urrian ekintza bateratu bat prestatzeko helburua izanik. Denak aske izan arte martxan jarraituko dugu!

Guk gaur feminismoan emakumeen antolaketaren beharra azpimarratu dugu. Neoliberalismoak hain eragin handia duen mundu honetan, indibidualismo basatia sustatzen duen mundu honetan, komunitate feminista konprometitua eraiki behar dugu, sare sozialek eragiten duten pasibotasuna gaindituz. Kaleetan eta talde, kolektibo eta asanbladetako antolakuntza feministaren bidez ere presioa egin behar dugu. Eta Usurbilgo emakumeak horretara deitzen ditugu, elkartzera, antolatzera, elkarrekin hausnartzera, ahizpatasunera. Guztion artean Usurbil feminista bat eraiki dezagun! Usurbilgo emakumeok ere aske izan nahi dugulako!

Eta, azkenik, gaur eta beti, eskuin mutur zaharkitu, misogino eta homofoboari aurre egiten dion feminismo antifaxista defendatzen jarraituko dugu. Berriz ere errepikatuko dugu, aurrean izango gaituzte, ez dira pasako!

Aurten ere borrokan gaituzte!
Gora borroka feminista!