2020ko Martxoak 8

"Gu guztiok beharrezkoak gara, ez zaitez etxean geratu!"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 8a, 19:43

Usurbilgo Kafe Tertulia Feminista taldeko neska gazteen "show"arekin borobildu dituzte arratsaldean Martxoaren 8ko ekimenak. Neska gazteek sufritzen duten biolentzia irudikatu dute, egungo sistema heteropatriarkal kapitalistaren ondorioak plazaratu dituzte. Egungo sistema errotik irauli eta eraldatzeko beharra. Egungo errealitatea iraultzeko elkarrekin bildu eta borroka feministaren bueltan antolatzeko deia egin dute.

Horregatik gogorarazi dutenez, "gu guztiok beharrezkoak gara, ez zaitez etxean geratu. Antolatu, feminismora batu, gora borroka feminista!". Egunero, eta egunero moduan, Martxoaren 8 honetan. "Borroka eguna da, emakume langileok jasaten dugun zapalkuntza salatu eta gizarte eredu feminista aldarrikatzeko" eguna, baita "sistema errotik irauli nahi dugula adierazteko eguna" ere. 

Borroka feministaren bidetik hainbat aurrerapauso eta lorpenak erdietsi direla nabarmenduta, bide beretik segitzeko deia egin dute. "Argi daukagu, bide hori emakumeen arteko antolakuntzaren eta borrokaren bitartez egiten jarraitu behar dugula", sistemak sakabanatuak, zatituak eta isolatuak nahi dituztela ohartaraziz. Antolatuz eta saretuz egin nahi dute bidea. Gaur egun hainbat eremuetan egiten ari diren moduan.