16. Soinurbil Musika Astea

Gure artean 100 urte daramatzan organoa omenduko dute gaur

Irriu eta Zumarte abesbatzek edota txistulari taldeak parte hartuko du, 19:00etan Salbatore Elizan ospatuko den ekitaldian. 100 urte bete dira munduko hainbat txokoetako sortzaileen eskuek jo duten musika instrumentua udalerri honetara ekarri zutenetik.

Begi bistan egon ez eta guztiok ezagutuko ez dugun arren, “kalkula ezineko altxorra” du Salbatore Elizak; 1920an Usurbila ekarri zutenetik gure artean 100 urte egin dituen organoa.

Esteban Elizondo Iriarte organo-jotzaileak Usurbilgo instrumentu honi buruz eginiko azterlanak oroitzen duenez, XVI. mendekoak dira Usurbilgo elizak musika instrumentu hau zuela dioten lehen berriak. Ordutik organo ezberdinak izan ditu mendez mende. Baina itxuraz, bat izan da ibilbide oparoena izan duena: egungoa.

Albert l ´Espée baroiaren eskariz eraikitako organoa da Salbatore Elizakoa. Organo zale amorratua omen zen; “Frantzian zituen hainbat bizilekuetan gutxienez sei organo izan zituen”, dio Elizondok. Haietako bat Bidarteko Ilbarritz gazteluan, 1898an, Aristide Cavaillé-Coll organo-egileak jarritakoa. 1902-03 aldera atera zuten ordea bertatik, “Frantziako musika-tresna bikainenetakoa” zena.

Handik urte gutxira, 1907an Charles Mutini beste organo handi bat eraikitzea eskatu zion, “melomanoa eta bitxia” zen baroiak. Mutin ez zen edonor, garai hartan, 15 bat urteko tartean, 150 areto-organo eraiki zituen Frantziako aristokraziaren edota goi-burgesiaren etxeetarako. Baina denak Ilbarritzeko gaztelukoa baino askoz txikiagoak, organo hau eraiki zuenean, bere “ibilbide artistikoan une gorentzat joatzen den garaikoa da, hala nola Neullyko edo Moskuko Kontserbatorio Inperialeko organoak egin zituenekoa”.

Ilbarritzekoa “musika-tresna oso berezia zen, baroiaren eta haren gonbidatuen gustu musikalak asetzeko sortua”. Bere ezaugarriei dagokienez, “nabarmentzekoak dira bai teklatuaren ezohiko hedadura (esku-teklatuetan 64 nota eta pedalean 35), bai doitu daitekeen bost konbinazio izatea. Iberiar penintsulan ez da halako hedadura duen beste teklaturik, eta agian Europan ere ez. Doitu daitezkeen bost konbinazioei dagokienez, ezaugarri hori duten beste bi organo baino ez daude, Frantzian”.

Agiri ezberdinek diotenaren arabera, kontzertu bikainak antolatzen zituzten. “Frantziako goi-klaseko pertsona ospetsuak eta Frantzia osotik etorritako organo-jole entzutetsuak bildu omen ziren emanaldiotara”. Tartean, Usurbilgo Organoaren Lagunak taldeko kide Joan Luis Atxegak NOAUA!ri adierazi dionez, “ustez Maurice Ravel konposatzaile ezaguna organo hori jotzen agertzen den argazkia dugu”.

Usurbilerako bidea
Organo hark kilometro dezenteko bidaia egingo zuen gerora. 1912an l´Espée baroiak Ilbarrizko gaztelua saldu zion Bastide delako mediku aberats bati. 1920an gunea ospitalea zela, organoa bertan zokoratua zutenean, zati handi bat Usurbilgo elizak erosi zuen. Garai hartan Guillermo Arana zen erretoreak Bastide doktoreari erosi zion, 27.000 pezetaren truke. “Erosleak bere gain hartzen du hura desmuntatzea eta horren gastua”. Gastuok Anbrosio Zatarain usurbildarrak hain zuzen. Izen bereko bere semeak Argia sortzen diruz lagundu zuen.

Hiru zati zituen organoak, bat doktoreak berarentzat hartu zuen. Gerora Belloceko benediktar monjengana joan zen. Haiek 1966an saldu zuten eta haren arrastoa galdu zen. Beste biak Usurbilgo Elizak erosi eta ekarri ziren. Non kokatu, ika-mika eragin zuen gai horrek. Apaizak egun dagoen goiko korua egokituta bertan kokatzea nahi zuen. Zatarainek behekoan. “Liskar handia sortu omen zen”, Atxegak oroitarazi digunez, organoa Usurbila ekartzea arriskuan jartzeraino. Azkenean ados jarri eta goiko abesbatzan kokatzea erabaki zuten, egun duen kokagunean.

Usurbila ekartzeko, lan prozesu konplexu askoa osatu zuten; “guztiz desmuntatu eta guztiz berreraiki zen”. Fernand Prince organogile frantziar entzutetsua arduratu zen lan hauetaz.

Nazioartean entzutetsua
Munduko hainbat bisitariren arreta bereganatu du Usurbilgo organoak. “Harrituta geratzen dira nola egon daitekeen halako organo bat hemen”. Musika eskoletako ikasleak izaten dira askotan, nazioartean ezagunak diren organojoleak… “Japoniarrak, finlandiarrak, ipar amerikarrak, frantziarrak…”. Munduko txoko anitzetatik etorri dira Usurbila, organoa ezagutu eta jotzera; urtero atzerritarren 20 bat bisita izaten dituzte. “Duela 8 bat urte, alemaniar bat izan zen eta berak bere etxean organoa eraikitzeko organogile bat hartu eta hona etorri zen bi erregistro kopiatu eta tuboak nola eginak zeuden ikustera”, azaldu digu Atxegak. Hainbat eskaera jaso ohi dituzte organoa jotzeko.

Usurbilez gain, Gipuzkoa oso aberatsa da organoei dagokienean. Hainbat herrietan dituzte halako instrumentuak, “kalitate oso onekoak”. Organo asko ditu, erakundeek ondare hau zaintzeko eginiko apustuari esker.

Nabarmen hobetua 2007an
100 urte bete ditu organoak Usurbilen, baina bizitza luzeagoa du; gogoan izan, 1907an eraikitakoa da. 100. urtemugan, 2007an errestauratu zuen Dénis Lacorre organogileak. Ordurako originala izateari utzi zion, aurreko hamarkadetan hainbat moldaketa jasan zituelako. Soinuaren ezaugarriei hainbat aldaketa egin zitzaizkien mende horretan, elementu tekniko batzuk higatuak zituen, tutuetan zikinkeria pilatua… Horregatik, birgaitze lanokin konpondu eta “ahal zen neurrian lehengoratu” nahi izan zuten. Baita osatu ere. Izatez hiru teklatu baitzituen, baina Usurbila birekin etorri zen. “Hirugarrengo hori osatzea” izan zen bideratu zuten beste lanetako bat.  Horrekin batera, “kontsola jotzen den lekuari buelta eman zioten” eta horri esker, “organojoleak musika zuzenean entzuten du”. Lehen soinua gainetik igarotzen zitzaion.

Birgaitze lanak organoaren ospea handitu du. “Organoa aberastu egin da; oro har, 2000. urtean zituen baino hamasei joko gehiago ditu”. 10 erregistro gehiago, 900 tutun berri gehiago… “organoaren estiloa errespetatuz egin eta harmonizatu direnak”. Tutuok Atxegaren esanetan, “bakoitzak bere belarri, hortzak, ezpainak… ditu. Pertsona baten imitazioa da”.

Esteban Elizondoren azterlanak jasotzen duenez, berritze lan hauen ostean, “Euskal Herri osoko soinu-aukerarik handiena duen instrumentu erromantikoa da Usurbilgo organoa, eta espainiar estatuko bigarrena”. Dituen berezitasun batzuetan erreparatuta gainera, nazioartean ez du pareko instrumentu erromantikorik. “Zenbait pieza halako organoetan bakarrik jo daitezke, beste organoetarako moldatu beharrak daude”, Atxegaren esanetan.

Biziraupena, erabileraren baitan
“Ondo eraikitako organoak bizi osorako izaten dira”, Atxegaren esanetan. Usurbilgoak ere hala izan dezake, baldin eta erabiltzen segitzen bada. “Liturgikoki probetxua ateratzen zaio astero” egun, baina biziraupena zaildu dezake erabilera gabeziak; “organo batentzat okerrena ez erabiltzea litzateke. Horrek zaharberritu beharra ekarriko luke”.

Urte guztiotan Elizako ekitaldiez gain (ezkontzak, hiletak, mezak…) , Donostiako Musika Hamabostaldiaren bueltan bi kontzertuetarako baliatzen da, bizpahiru saio urtean. Baina Atxegak berri eman duenez, “10-12 eskaini daitezke urtean zehar”.

Omenaldia Soinurbilen
Zumarterek martxoaren 9tik 15era antolatu duen Soinurbil musika astea abiatzeko organoa ezagutzeko bi bisita gidatu antolatu zituzten.

Asteazken honetan, martxoaren11n, “100 urte organoa Usurbilen” omenaldi ekitaldia, 19:00etan, Salbatore elizan. Organoak bidelagun izango ditu, herriko txistulari taldea, Irriu eta Zumarte abesbatzak. “100 urte ospatuz, herrian zer dugun aditzera eman nahi dugu. Kanpoko bisitariek bai, baina batez ere organoa herritarrek ezagutzea”. Egitarau honen bueltan:
-“Agur Jaunak”: txistulari taldea eta organoa.
-“Salbatoreko ermitan”: Arantzazu Aranburu bertsolaria eta organoa.
-“Preludioa estilo klasikoan”: Lontxo Oiartzabal organista.
-“Euskal suitea”: Salbatore Arruti Aranburu txistularia eta organoa.
-“Gizadia egarri da”: Irriu abesbatza eta organoa.
-“Mirabeen abesbatza”: Irriu abesbatza eta organoa.
-“Iratzarri, oihu egiten digu ahotsak”: organoa.
-“Iturri maitagarria”: Zumarte abesbatza eta organoa.
-“Ave Maria”: Zumarte abesbatza.
-“Inguruko Dantza”: Usurbilgo Txistulari Taldea.
-“Txakona Fa minorrean”: organoa.
-“Biziaren kanta”: Irriu eta Zumarte abesbatzak, txistulariak eta organoa.
Irriu abesbatzaren zuzendaria: Ramon Udabe.
Zumarte abesbatzaren zuzendaria: Antoni Jorquera.
Organista: Joan Luis Atxega.
Laguntzailea: Salbatore Parrokia.