"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura"

Errigoraren produktuak eskatzeko epea ixtear

"Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" udaberri parteko kanpaina amaitzear da. Nafarroa hegoaldean ekoitzitako kontserbak, arroza, pasta eta oliba-olioa eskatzeko ostegunera arteko, martxoaren 12ra arteko epea duzue. NOAUA! bidez egin ditzakezue eskaerak. Ohi den moduan, jasotako laguntzaren zati bat, bertako euskalgintza suspertzera bideratuko dute.

Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak urte osorako izateko helburuz datorkigu bueltan Errigoraren udaberri parteko “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpainaren edizio berria. "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpaina gure eguneroko kontsumo ohiturez harro egoteko bide bat da: Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estrarekin, kontserbekin, arrozarekin eta pastarekin urte guztirako despentsa betetzea proposatzen dizugu, ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta produktuok zure herrian jasotzeko aukera emanez".

Esku bete produktu eskuratu ahalko dituzue: oliba-olio birjina estra ekologikoa eta konbentzionala (5 litroko bidoiak); kontserba ekologikoak nahiz konbentzionalak (zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, barazki-menestra, tomate frijitua, arroza, potxak eta kremak. 12 ontziko sortetan eskuragarri), eta pasta ekologikoa (“stock” mugatua, eskaerak errigora.eus bidez soilik). Guztia, “euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan”. Gogoan izan, produktuok salduz jasotako laguntzaren zati bat Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzera bideratuko da.

Produktu guztiok martxoaren 12ra eskatu ahalko dituzue NOAUA! bidez edota online errigora.eus atarian sartuta. Bi txandatan jasoko duzue: oliba-olioa apirilean; kontserbak, arroza eta pasta maiatzean. Ordainketak produktuok NOAUA!ra heldu eta jasotzerakoan egin beharko dira. Informazio gehiago, errigora.eus atarian. Eskuorriak eta xehetasun gehiago NOAUA! K.E.-ren egoitzan.