Hainbat lan, errepide eta bideetan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 11a, 12:49

Zubietako Learritza bidea oinezkoentzako eta bizikleta erabiltzaileentzako egokitzen ari dira. Mikel Laboa plaza Artzabalekin lotzen duen bidea oinezkoentzako bilakatzeko lanen esleipen prozesua ere aurrerabidean da; Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso du Usurbilgo Udalak. Azkenik, N-634 errepidean, Troiako pasabidean ere lanak egitera doaz asteotan.

Zubietako Learritza bidea egokitzen
Lanok sustatzen ari dira Usurbilgo eta Donostiako Udalak. Bizikletentzako eta oinezkoentzako egokitu nahi dute Learritza bidea. "Orain arte bezala, mugatua izango da ibilgailuentzako, bertakoentzat izan ezik". Bidearen zati handiena Donostiako lurretan kokatua egonik, hiriburuko udala ari da gidatzen lanok. "Dena den, Usurbilgo Udala ere obrak gertutik jarraitzen ari da. Bi udalen artean ordaindu dituzte lanak: 80.000 euro Usurbilek, eta 145.769,45 euro Donostiak. Otegi Gaztañaga enpresa ari da lanean: obrak hasita daude, eta hiru hilabeteko epea beharko dute bukatzeko". 


Mikel Laboa plaza eta Artzabal arteko bidea oinezkoentzat
Lanok burutzeko Eusko Jaurlaritzak 
“hiri-inguruneetan zein eraikinetan irisgarritasuna bermatuko duten hobekuntza-obrak egiteko” eta "irisgarritasun-planak egin eta eguneratzeko" ematen duen diru-laguntza jaso du Usurbilgo Udalak egitasmo honetarako. "75.950,86 euro jasoko ditu udalak, alegia, obra osoaren (151.901,71 euro) kostuaren %50. Diru-laguntza deialdi horretan lor zitekeen kopuru osoa lortu du udalak". 

Gogoan izan, lanon lizitazio prozesua abian da. Asteazken eguerdi honetan itxiko da, enpresek lehiaketara aurkezteko duten epea. "Irabazleak Zubiaurrenea kalearen berrurbanizazioa egin beharko du, Kontzeju-zarra kaleko bidegurutzetik Bordaberri kalera arte, baita Mikel Laboa plaza eta Askatasuna plaza lotzen dituen Kontzeju-zarra kalearen berrurbanizazioa ere.

Informazio gehiago hemen: usurbil.eus 


Lanak Troiako pasabidean
Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, "datozen bi asteetan N-634 errepidean, Troia inguruan, zuntza sartuko dute, eta semaforoak jarriko dituzte".