Usurbilgo Atez Ateko Bilketak 11 urte beteko ditu datorren astelehenean, martxoaren 16an. Urteurren honen testuinguruan, hondakinen kudeaketaren alderdi ziurrenik ezezaguna gehienontzat, plazaratuko du Anerreka Ingurumen Elkarteak bezperetan, larunbatean (martxoak 14). "Industria eta komertzioetan bildutako errefusaren lagin bat karakterizatuko dugu publikoki", larunbat eguerdiko 12:30etan Usurbilgo frontoian.
Hitzordu honetarako, "Errausketaren Aurkako Mugimenduko jende eskarmentudunaren laguntza izango dugu", iragarri du Anerreka Ingurumen Elkarteak. Karakterizazioa egiten den artean, lanketa hau ezagutzeko aukera izango da. "Azalpenak emango dira, eta bereiztu ondoren, hondakin zatiki guztiak pisatu eta emaitzak publiko egingo dira", iragarri dute Anerreka elkartetik.
Anerrekatik gogorarazten dutenez, Usurbil hondakinak atez ate biltzen hasi zenetik 2019ko martxoaren 16an, hiru erreus mota bereizten dira; etxeetan jasotakoa, kale garbiketatik bildutakoa eta industria zein komertzioetakoa. "Hauen artean, betidanik errefusa gehien sortzen duen iturria, industriak eta komertzioak izan dira. 2019ko emaitzetan ere errefusa guztiaren %58 suposatzen du iturri honek, etxeetan sortutakoak berriz, %12 bakarrik", zehaztu dute Anerrekatik.
Ingurumen elkartetik ohartarazten dutenez, "errefusa murrizteak gaikako bilketa hobetzeaz gain, hiri hondakinen kudeaketan arazo gehien sortzen duen zatikia murriztea ere badakar".