Uxue Alberdiren "Jenisjoplin", datorren euskarazko irakurketa-solasaldiko aztergaia
Sutegi udal liburutegiak eta Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatuta, Eider Rodriguezen "Bihotz handiegia" ipuin-bilduma ikuspegi feminista batetik aztertu zuten urtarrilaren 22an Kattalin Miner kazetari eta idazlearekin. Talde ederra batu zen Sutegi udal liburutegian. Liburutegiak berak Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailarekin antolatu zuen irakurketa-solasaldia. Ez da azkena izango. Bi eragileon arteko elkarlanak hitzordu gehiago ekarriko ditu urtean zehar.
Ikuspegi feministatik jorratuko den bigarren irakurketa-solasaldia antolatu dute bai liburutegiak, baita Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak ere martxoaren 11rako. Uxue Alberdiren "Jenisjoplin" sortze lana aztertuko dute, Kattalin Minerrekin. Liburua eskuragarri duzue jada Sutegin!
Maider Usabiagaren Alpeetako bidaiaren kontakizuna
Berriaren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa irabazi zuen Maider Usabiaga herritarrak. Kronika haren kontakizuna dakar ostiralean (martxoak 13) arratsaldeko 18:30etan Sutegi udal liburutegira. “Bidaia intimo eta gogoangarria Alpeetan barna” solasaldia. "BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako saria irabazi zuen iaz. Alpeetako Cervino eta inguruetara egin zuen bidaia idatzi zuen horretarako, eta oraingoan, argazkiak lagun, hori bera aurrez-aurre kontatuko digu, Sutegi udal liburutegian".
Autoestimua eta autozaintza feministari buruzko tailerra
Martxoaren 8ko ekimenen testuinguruan, “jada maitasunagatik sufritzen ez duten emakumeak: autoestimua eta autozaintza feminista” tailerra antolatu du Udalak Coral Herrerarekin Potxoenean. Erdarazkoa izango den saiorako izen ematea doan, bideotatik egin ahalko da: parekidetasuna1@usurbil.eus/ 943 377 110.
Martxoaren 28an izango da tailerra, 9:00-14:00 artean. Baina goizeko saioa betetzen bada 15:00-20:00 artean bigarren bat egitea aurreikusten da.
"Maitasunak jada erasaten ez dituen emakumezkoak: autoestimu eta autozaintza feminista. Tailer honetan autoestimua, norbere buruaren ezagutza eta ahalduntze pertsonal zein kolektiboa landuko ditugu. Gure burua gehiago eta hobeto maitatzen ikasiko dugu, eta maitasunaz gozatu ahal izateko oinarriak zaintzen. Tresnak garatuko ditugu berdintasunezko bikote osasuntsuak sortzeko, tratu txar zein indarkeria orotik aske. Bakardadeaz, eta bizitzeko eta menpekotasun emozionalari aurre egiteko sare afektiboek duten garrantziaz ariko gara".