Gaztetxoei zuzenduriko oporretako aisialdiko eskaintzan izen emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 10:24

Datorren udaberriko oporraldirako aisialdi ekimen ezberdinetan izen emateko epea zabaldu da gaztetxoentzat. Muxurbilen antzerki ikastaroa izango da, Usurbil F.T.-k antolatuta "Kirola eginez" ekimena. Horrekin batera, uda parterako "Enjoy English" udalekuak antolatu ditu Udarregi Ikastolak. 

Muxurbilen antzerki ikastaroa
Apirilaren 14tik 17ra antolatu du Muxurbilek. Bi taldeei zuzendua egongo da; 6-14 urte artekoei eta 15 urtetik gorakoentzat (helduak barne). Ikastaroa goizez edo arratsaldez egiteko aukera izango da: goizez 11:00-12:30 artean edo arratsaldez, 14:30-18:00 artean. Ikastarorako izena apirilaren 3ra arte eman ahalko da. Informazio gehiago jasotzeko edo izen emateko: 675 712 383 (Ixabel) edo ixabel.agirresarobe@gmail.com

Datorren oporraldia kirola eginez bizitzeko deia
Urteotako ildoari jarraiki, kirol jarduera eta jolas ezberdinez gozatzen jarraitzeko aukera ezinhobea eskainiko du Usurbil F.T.-k Udarregi Ikastolaren eta Usurbilgo Udalaren laguntzaz datozen oporretan, apirilaren 14tik 18ra (asteartetik larunbatera) 10:00-13:00 artean. Lehen Hezkuntzako 1-6 maila arteko, hau da 6-12 urte arteko ikasleei zuzendua dago.

Harane izango da ekimen honen kokagunea, baina herriko beste hainbat guneetan ere ibiliko dira parte hartzaileak; Kiroldegian, frontoian, herrian zehar… Futbola izango du ardatz, baina “kirolaren onurak goraipatzen ditugu orokorrean. Horregatik, ekintza honetako eskaintza anitza eta zabala izango da”: eskubaloia, jolas tradizionalak, futbola, zirkoa, eskupilota, herri kirolak, saskibaloia… Garrantzitsutzat jotzen dute adin tarte honetan lehiakortasuna alboratuta, “haurrek jolasean gustura pasatzea”.

Usurbil F.T.-ren datozen oporretako eskaintzan izen emateko orria bete eta 50 euro ordaindu beharko dira. Prezioaren barne izango da asegurua. Ordainketa kontu zenbaki honetan egin beharko da: 2095 5069 06 1071029051 (Kutxabank). Izen emate orria eta ordainagiria Usurbil F.T.-ren Haraneko bulegoan utzi beharko dira, martxoaren 24an edo 27an 17:30-19:00 artean. Argibide gehiago Haraneko bulegoan edo 688 62 10 07 (Jon Mikel) telefono zenbakian.

UDA
"Enjoy English" udalekuak
Ekainaren 22tik uztailaren 17ra antolatu ditu Udarregi Ikastolak. "HH5etik LH5 bitarteko ikasleek Irakasle natiboekin ingelera era dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dizuegu". Udalekuotan parte hartzeko hiru aukera izango dira; ekainaren 22tik uztailaren 1era, uztailaren 6tik 17ra, ekainaren 22tik uztailaren 17ra.  

"Goizeko 9etatik 13etara, goizeko zaintza zerbitzua izateko aukera izango da", ohartarazi dute ikastolatik. Xehetasun gehiago, martxoaren 16rako 16:45ean LHko eraikinean deitu duen bileran. Informazio gehiagorako, udarregi.eus ataria.

Ziortzaren kanpaldia
Ziortza Gazte Elkarteak antolatzen duen kanpaldia uztailean izango da baina orain da izena emateko garaia. Martxoaren 13tik 22ra egin behar da, email bidez. Lagun arteko abentura bila zabiltza? Aurten, hauek izango dira txandak:
-1. Txanda (DBH 3-4): Uztailak 7-19.
-2. Txanda (DBH 1-2): Uztailak 19-29.

Aurre izen-ematea martxoaren 13-22 bitarte egongo da zabalik. “Izena emateko bidali mezu bat ziortzakanpaldia@gmail.com helbide elektronikora gaztearen izen-abizenak eta zein mailatan dagoen adieraziz”, Ziortzatik aditzera eman dutenez. Plazak mugatuak izango dira.