Koronabirusa

Usurbil, Santuenea eta Aginagako adinekoen egoitzak, bihartik aurrera itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 13:07

Osakidetzak emandako aginduarekin bat eginez, Artzabal, Santuenea eta Aginagako adinekoen egoitzak itxita egongo dira bihartik (martxoak 13) aurrera.

Adinekoen etxeak zehaztu gabe dagoen epe baterako, "aldi baterako" ixtea agindu du Osakidetzak. Aginduarekin bat egin du baita Usurbilgo Udaleko Prebentzio Mahaiak. Usurbil, Santuenea eta Aginagako jubilatu elkarteak itxita izango dira ostiraletik (martxoak 13) aurrera; itxita egongo dira honenbestez, Artzabalgo Gure Pakea Elkartearen, Santueneko Gure Elkartearen eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteen egoitzak.

Udalak, ondoko kartelak eseki ditu: "Itxita. Koronabirusa dela eta, Osakidetzak emandako aholkuei jarraituz, zahar etxeak itxita izango dira behin-behinean, baita bertan ematen diren zerbitzu guztiak ere". 

Avilarako bidaia, bertan behera
Gure Pake Elkartetik bihar, Avila eta Segoviara joatekoak ziren hiru egunetarako baina bertan behera utzi dute bidaia. “Ni joatekoa nintzen”, adierazi digu emakume batek. Koronabirusaren beldur, “Artzabalera etorri naiz ea bidaia mantenduko den edo ez jakitera”. Eta ezezkoarekin egin du topo. “Egia esan, horrela hobeto. Pentsa, hara joan eta berrogeialdia ezartzen badute, han gelditu beharko genuke hamabost egunez”. Hori jakinda, etxerako bidea hartu du emakumeak.

Artzabalgo iragarki-taulan topatu dugu kartela. Bertan behera utzi dute bidaia.

Erlazionatuak

Jarraitu beharreko aholkuak

Noaua Aldizkaria 2020 mar 12 Usurbil