Zubietako erraustegia

Piztear duten erraustegiari erantzuteko herri asanblada deitu du Larrialdi Mahaiak martxoaren 17rako

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 11:45

Norbanako, herriko talde, elkarte eta eragile oro deitu du Usurbilgo Larrialdi Mahaiak martxoaren 17an (asteartea) 18:30etan Sutegin. Martxoa amaieran guztiz martxan jarri nahi duten Zubietako erraustegiari eman beharreko erantzunaz eztabaidatu eta erabakitzeko ahalik eta asanblada zabalena izatea nahi dute. "Protesta forma eraginkorrago eta irmoagoen garaia iritsi da, baketsuak bezain zilegiak".

Hemen duzue, martxoaren 17ko asanbladara begira, Usurbilgo Larrialdi Mahaitik NOAUA!ra helarazi duten agiria:


Usurbil, larrialdi egoera latzean 
Usurbil, gure herria, larrialdi egoera latzean dago eta horregatik ate joka gatoz.

Martxoaren amaierarako martxan jarri nahi dute begi-bistatik atera ezin dugun Erraustegia.

Bagenuen kezkatzeko arrazoi nahikorik, baina Zaldibarren gertatutakoak alarma guztiak piztu ditu. Susmo txarrenak baieztatu dira eta argi utzi dute prest daudela Zubietan edozein hondakin, baita toxikoak ere, erreko dituztela, industrialak eta arriskutsuak barne.

Hori bai, Zubietan ez dira Dioxinak egunero neurtuko edo laginak CSIC-eko laborategietara bidaliko, Zaldibarren egiten ari diren bezala.

Zubietan Ingurumen baimenak behartzen die soilik urtean 24 ordutan neurtzea (6 ordu hiruhileko bakoitzeko)

Eta gure kasuan dioxinak 35 urtez jasango ditugu (kalte larriak eragiteko moduan, beraien esanetan).

Osasunaren ikuspegitik onartezina. Ezin dugu onartu gure haur, nerabe, emakume haurdun, gaixoak eta adineko herritarrak (populazio kaltebera) eta populazio ororen osasuna arriskuan jartzea.

Ezin dugu onartu gure ama-lurra eta ingurumena metal astunez, dioxinaz eta bestelako Kutsagai Organiko Iraunkorrez kutsatzea.

Ezin dugu onartu gure herria jendez hustutzea eta ekonomikoki zein urbanistikoki desertizatzea. Hori baita gertatuko dena erraustegia martxan jartzen den unetik aurrera.

Usurbilek jasango dituen kalteak ez dira beraz soilik osasunari eta ingurumenari dagozkionak  izango, bestelakoak ere jasoko ditu: ekonomikoak, soziologikoak, kulturalak, soziolinguistikoak, eta abar.

Alegia, gure herriaren izaera, izana eta etorkizuna da jokoan duguna. Hori horrela, altxa eta elkarrekin aurre egin beharko genioke eta azkar gainera, ez da horrela?

Azken urte hauetan zeuden bide guzti guztiak jorratu dira: mobilizazioak, parte hartze prozesuak, Hondakinen Plan Alternatiboaren idazlana (azken bi hauek Hitzartu prozesuan herritarren ekarpen ekonomikoarekin), Europako Instituzioen aurrean salaketa, Errekurtsoak epaitegietan…

Gipuzkoako agintariek baina bide guztiak itxi dizkigute, industria eta interes ekonomikoen mesedetan.

Baina ez gaude amore emateko, baizik eta gure eskubideak babesteko prest! Behar beste neurri hartzeko prest politikari bihozgabeek gure aldarriak aintzat hartu arte. Historian gertatu ohi den bezala, eskubideak lortzeko, herritarroi elkartu eta aurre egitea dagokigu, protesta forma eraginkorrago eta irmoagoen garaia iritsi da, baketsuak bezain zilegiak. Herritarrok bat eginik eta tinko. 

Antolatu dezagun apirila artean eman beharreko erantzuna (erraustegia martxan jartzeko ezarri duten unea eta erkideko hauteskundeak), elkarrekin erabaki ditzagun abiatzea, antolaketa eta erabaki oro. Beste herriekin koordinatuko genituzke ekimenak (Lasarte, Andoain,….., Zaldibar ingurua, Zalla), batzuekin era iraunkorrean, besteekin unean-unean.  Ezin dugu denborarik galdu!

Asanblada ahalik eta zabalena antolatu dezagun eman beharreko erantzuna eztabaidatu eta erabakitzeko. Asanblada, martxoaren 17an (asteartea) 18:30etan egingo  dugu Sutegin.

Beraz, har ezazu idatzi hau sarrera gisa zeren une garrantzitsu honetan gonbidapen zuzena igortzen dizugu Larrialdi Mahaian partaide izan zaitezen. Martxoaren 17an elkar ikusiko dugulakoan.

Usurbilgo Larrialdi Mahaia