Koronabirusa

Bihartik aurrera, ikastetxe denak itxita

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 13:22

Udarregi Ikastola, Kalezarko Haur Eskola, Usurbilgo Lanbide Eskola, Zubietako eta Aginagako Herri Eskolak eta Atalluko Oinarrizko Lanbide Heziketa, bihartik aurrera itxita. Hala erabaki du gaur eguerdian Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Koronabirusari aurre egiteko hartu dute neurria. 

COVID-19 koronabirusak azken asteotan izan duen zabalkundearen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "EAEko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea erabaki du". Etenaldi honek 15 eguneko iraupena izango du, bihartik hasita.

 

Ikastetxeetako langileek lanean jarraituko dute

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan aurrez aurreko eskola-jarduera guztia bertan behera geratuko da, "bai eta Haurreskolak Partzuergoaren mendeko haur eskoletan ere", Osasun Sailak aditzera eman duenez. "Nolanahi ere, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten. Horregatik, ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da". Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. 

 

Taldekako jarduerak sahiestu

Horrez gain, Osasun Sailak gomendatzen du, "nahiz eta ikasleek etxeko bizitza normala egin dezaketen, ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatzen dizuegu, hartutako neurriek birusa kontrolatzen lagunduko dutelakoan".

 

Irteerak ekidin

Ikasleekin edo irakasleekin egiten diren mota guztietako irteerei dagokienez, Osasun Sailaren jarraibideak bete behar dira. Une honetan horiek saihestea gomendatzen du Osasun Sailak.

Informazio eguneratua jaso ahal izateko, sailaren webgunearen barruan atal bat gaitu da, gomendioak eta mezu berriak aldizka helarazteko: https://www.euskadi.eus/koronabirusari-buruzko-informazioa/web01-s2hhome/eu/