Koronabirusa

Udal eraikinak itxita, kultur eta kirol hitzordu guztiak bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 20:45

Herriko bizitza publikoa geratu egingo da, COVID-19 koronabisuraren eraginez. Ostiraletik aurrera, udal eraikinak itxita izango dira bihartik aurrera, udaletxea salbu. Kultur eta kirol ekitaldiak bertan behera geratu dira. Erabaki guztion berri jasotzen duen bandoa zabalduko du Udalak ostiral honetan bertan.

Usurbilgo Udalak ateratako ondoko irudian duzue ostegun iluntze honetan udal gobernu taldeak herriko kirol eta kultur arloko eragileetako ordezkariekin Potxoenean egin duen bilkura. Haiekin soilik ez, egunean zehar jubilatu elkarteetako kideekin, eta hezkuntza komunitatearekin ere bildu da Udala.

Bilera erronda honen amaieran, erabaki argia hartu dute; COVID19 birusaren eraginez, itxita egongo dira udal eraikinak ostiral honetatik bertatik aurrera. Horrekin batera, kirol eta kultur ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira. 

Udaletik aditzera eman dutenez, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ikastetxe guztien itxierak bultzatuta, udal-zerbitzu guztietara zabaltzea erabaki du: kiroldegia, Potxoenea, liburutegia, eguneko arreta, Harane, Kzgunea, Etumeta AEK, euskaltegia, Gaztelekua, ludotekak, yogako lokala... Guztiak itxiko dira, udaletxea salbu, aldi baterako, kontrako gomendio edo irizpideak jaso bitartean". 

Udaletxean hain zuzen ostiral goizean bertan biltzekoa da 
"Prebentzio Mahaia, neurri horiek udal-langileei eta jardunari nola eragingo dien aztertzeko. Bihar modu arruntean funtzionatuko du, eta bihar goizeko bileran erabakiko da zer egin astelehenetik aurrera: oharra zabalduko dugu erabaki bezain pronto"

Hilabete amaieran, balorazioa
Horrekin batera, ostiral honetatik (martxoak 13) zenbatzen hasita, hurrengo hamabostaldian herrian antolatuak zeuden kultur eta kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratuko dira, hilabete amaierara arte alegia. "Horrek guztiak martxoaren amaieran jartzen du arreta: orduan baloratu beharko da momentuko egoera zein den, eta apirileko ekitaldiekin zer gertatuko den. Ez da udalaren eskumenekoa, baina Taxi Busak normal lan egingo du, oraingoz", ohartarazi du Udalak.

Testuinguru honetan, bi deialdi Udaletik; batetik, Osakidetzak emandako aholkuak aktiboki segi eta betetzea, eta lasaitasunerako deia plazaratu du. "Neurri gogorrak diren arren, erabaki guztiek prebentzioa helburu dutela nabarmendu du udal-gobernuak".