Koronabirusa

Soinurbil, Dantza Eguna, kirol taldeen partidak eta egunotako ekitaldi anitz, bertan behera

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 20:05

Aurrekaririk ez duen egoeraren aurrean garela nabari da. Herriko bizitza geldiaraziko du COVID-19 koronabirusak.  Egunotarako antolatuak zeuden kirol eta kultur ekitaldiak bertan behera geratu dira, bai behintzat datorren bizpahiru asteetarako iragarriak zeuden hainbat hitzordu.

Tartean, musika aste betean zen Zumartek igandera arte antolatua zuen 16. Soinurbilen edizioa bertan behera uztea erabaki du. Horrekin batera, eta "Zumarte Musika Eskolak COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza Sailak emandako jarraibideak kontutan hartuz eta gaur Udalarekin egunean zehar izandako bileren ondoren, prebentzio neurri bezala" honakoa erabaki du baita. "Gaur arratsaldeko 16:30etatik aurrera eta Jaurlaritzaren irizpideak jarraituz, datozen 15 egunetan Zumarte Musika Eskolan ez da klaserik izango". 

Dantza Eguna ere bertan behera
Martxoa amaierakoak, eta apirila hasierako zenbait hitzordu ere bertan behera geratu dira. Orbeldi Dantza Taldeak esaterako, apirilaren 4an ospatzekoa zuen 8. Dantza Eguna, eta biharamunerako iragarria zuen 2. Dantzari Txiki eguna ez ospatzea erabaki du. "Egoera normaltasunera itzultzean erabakiko da beste egun batean ospatuko diren", iragarri dute Orbelditik. Horrekin batera, gaurtik bertatik, "bere entsegu saio guztiak bertan behera uztea erabaki du, eskuduntza duten autoritateek besterik esaten ez duten artean".

Mezu berean gaineratzen dutenez, "egoera ulertuko duzuelakoan, zuen laguntza eskertzen dugu. Bien bitartean, lasaitasuna mantentzera eta osasun zerbitzuek emandako gomendioak jarraitzera deitzen zaituztegu. Edozein zalantzetarako betiko bideak irekita dituzue".

Bertan behera geratu diren hitzorduen zerrenda
Soinurbilez eta Dantza Egunaz gain, asteotarako iragarriak zeuden ekitaldiak ere bertan behera geratu dira. Besteak beste, honako hauek:
-Usurbil F.T.-k entrenamendu eta ekimen guztiak.
-Usurbil K.E.-ren entrenamendu eta partidak.
-Eskola-kirola (Zirimara egitasmoa) eta federaturiko taldeen hitzorduak.
-Zumarte Musika Eskolak igandera arte aurreikusia zuen 16. Soinurbil Musika Astea.
-Sutegi udal liburutegian martxoaren 13rako antolatua zuten Maider Usabiagaren Alpeetako bidaiaren kontakizun saioa.
-Emakumeen Etxearen inguruko larunbateko aurkezpen saioa.
-Anerreka Ingurumen Elkarteak larunbaterako frontoian antolatua zuen erreusaren karakterizazio ekitaldia.
-NOAUA! Kultur Elkarteak iganderako antolatua zuen Laburbira.
-Sagarrondotik Sagardora ikastaroko larunbateko saioa.
-Hitz Ahoren martxoaren 17ko "Emozioak familian, helduen eta haurren emozioak" hitzaldia.
-Usurbilgo Larrialdi Mahaiaren martxoaren 17ko Sutegiko asanblada.
-Iñorkiñak taldearen martxoaren 21eko Txokoaldeko bideoklip grabazioa.
-Martxoaren 22ko munduko dantzen Sutegiko erakustaldia.
-Apirilaren 4 eta 5eko Dantza Eguna eta Dantzari Txikien Eguna.