Koronabirusa

Lehen prebentzio neurriak, agerikoak jada

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 13a, 18:16

Ezohiko ostirala gaur. Koronabirusari aurre egiteko prebentzio neurriak agerikoak dira gaurtik Usurbilen. Ikastola itxita, jubilatu elkarteak baita, udal eraikinetan ere agerikoa da bizi dugun salbuespenezko egoera. Udal aretoak itxita, nahiz Udaletxean, gizarte zerbitzuetan eta Potxoenean harrera zerbitzua mantenduko duten.

Hein batean jai egun baten itxurako ostirala, ezohikoa zalantza izpirik gabe. COVID-19 koronabirusari aurre egiteko Usurbilgo Udalak herri eragileekin, hezkuntza komunitatearekin nahiz jubilatu elkarteekin atzo adosturiko neurriak gauzatzen hasiak dira martxoaren hamahirugarren honetan.

Aginaga, Usurbil eta Santueneko jubilatu elkarteak itxita. Artzabal hutsik. Udarregi Ikastolako eraikin gorriko pertsianak jaitsita, langileak lanean ari ziren gelakoak izan ezik, Agerialden antzeko. Ikasle eta gurasoen eguneroko mugimendurik ez. Gaurtik aurrera, Usurbil, Zubieta eta Aginagako ikastetxeak itxita daude. 

Ikastolatik Kaxkorantz, Oiardo Kiroldegia ere itxita. Kalera begira den gimnasioa hutsik zegoen gaurkoan. Eta Kaxkora jaitsita, udal eraikinak itxita, udaletxea salbu. Itxita daude Sutegi udal liburutegia eta aretoak, Potxoenekoak, KzGunea, Etumeta AEK euskaltegia, Gaztelekua, ludotekak... Argitu beharreko ohar bat bada; harrera zerbitzua mantenduko dute udaletxean, Potxoenean eta baita gizarte zerbitzuetan ere. Guneotara sartzeko, eskuak xaboiarekin garbitzeko bitartekoak jarri ditu Udalak. Oraingoz, Udalaren eskumenekoa ez den bus-taxiak normaltasunez eskaintzen segiko du bere zerbitzua. 

Atzoko bileretan erabakitako prebentzio neurriak
Usurbilgo Udalak Usurbil, Santuenea eta Aginagako jubilatu elkarteeko kide eta langileekin, hezkuntza komunitatearekin eta kultur zein kirol eragileekin atzo eginiko bilera errondan erabaki zituzten gaurkoz indarrean diren prebentzio neurriak. Hori baita helburua: COVID 19 koronabirusari eustea, hedapena saihesteko prebentzio neurriak hartzea.

Udaletik aditzera eman dutenez, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ikastetxe guztien itxierak bultzatuta, udal-zerbitzu guztietara zabaltzea erabaki du: kiroldegia, Potxoenea, liburutegia, eguneko arreta, Harane, Kzgunea, Etumeta AEK, euskaltegia, Gaztelekua, ludotekak, yogako lokala... Guztiak itxiko dira, udaletxea salbu, aldi baterako, kontrako gomendio edo irizpideak jaso bitartean". 

Hilabete amaieran, balorazioa
Horrekin batera, ostiral honetatik (martxoak 13) zenbatzen hasita, hurrengo hamabostaldian herrian antolatuak zeuden kultur eta kirol ekitaldi guztiak bertan behera geratuko dira, hilabete amaierara arte alegia. "Horrek guztiak martxoaren amaieran jartzen du arreta: orduan baloratu beharko da momentuko egoera zein den, eta apirileko ekitaldiekin zer gertatuko den. Ez da udalaren eskumenekoa, baina Taxi Busak normal lan egingo du, oraingoz", ohartarazi du Udalak.

Testuinguru honetan, bi deialdi Udaletik; batetik, Osakidetzak emandako aholkuak aktiboki segi eta betetzea, eta lasaitasunerako deia plazaratu du. "Neurri gogorrak diren arren, erabaki guztiek prebentzioa helburu dutela nabarmendu du udal-gobernuak".