Koronabirusa

"Egoera oso serioa da"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 13a, 18:53

Hitz hauekin definitu du osasun zerbitzuetako langile batek bizi dugun egoera. Mezu oso argia helaraztea eskatu du: "ez atera etxetik ezinbestekoa bada, eta bereziki haurrak ez daitezela atera". Gogoan izan, une honetan batetik Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia globala indarrean du. Goizean, Eusko Jaurlaritzak osasun alerta egoera ezarri du. Eta bazkalostean Espainiako Gobernuak "alarma egoera" iragarri du. Bihar onartuko dute erabakia, ezohiko Ministroen Kontseiluan.

Etor daitekeenarekin kezkatuta, oso argi adierazi du aipatu medikuak: osasun zerbitzuetatik eta erakunde publikoetatik gogorarazten ari diren moduan, ezinbestekoa ez bada, etxetik ez ateratzea eskatzen du. Bereziki haurrak ez daitezela atera. "Egoera oso serioa da", nabarmendu du. Eta mezu hau zabaldu eta oso kontuan hartzea eskatu du.

Ez da gutxiagorako. COVID-19 koronabirusa mundu mailako pandemia gisa definitu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak aste hasieran, aipatu epidemia aldi berean herrialde desberdinetara hedatu ostean. Ostiral arratsalde honetan, mundu mailako 126 herrialdeetara hedatua zegoen koronabirusa. 135.000 kasu baino gehiago, 5.000 hildakotik gora, sendatu diren 65.000 lagun. Hego Euskal Herrian; diagnostikaturiko 130 lagun Nafarroan, Gipuzkoan 21 (3 hildako), Bizkaian 83 (2 hildako), 310 Araban (9 hildako).

"Osasun Alerta"
Egoera honetan, goizean Eusko Jaurlaritzak larrialdi aitorpena egin du, "Osasun Alerta" jarri du indarrean, "pairatzen ari garen osasun krisiari aurre egiteko". Une honetatik aurrera, "larrialdiaren aurrean babes zibilaren aginte bakarra" bere esku geratu da. Herritarren isolamendua edota leku arriskutsuetara joatea debekatu dezake. Guztia iraupen mugatu baten baitan.

Oso argi ohartarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, "egoera larria da". Eta adi, "ez dugu une okerrena pasa". Oso argi esan du, bizitzen ari garena, "mugarri historikoa da bere larritasunagatik, ondorioengatik eta iraungo duen denbora luzeagatik". Testuinguru honetan, "konpromiso guztia beharrezkoa da". Mundu mailako erronka da honakoa Lehendakariaren esanetan, baina baita erronka lokala ere, eta horretarako, "guztion ahalegin eta ekarpena ezinbestekoa da".

Norabide berean elkarlanean aritzeko deia egin du. Osasun eremuko arduradunen gomendioak une oro aplikatu behar direla gogorarazi du. "Ezinbestekoa da gomendatzen diren prebentzio neurriak onartu, bete eta zabaltzea". Prebentzio neurriok aplikatzeko jarrera eskertu die eremu guztietako eragile, lantegi eta erakundeei. "Osasun arloko profesionalek egiten ari diren ahalegina ere aitortu eta eskertu nahi dut. Bere konpromiso pertsonala eta familiaar eredugarria izaten ari da".

Apirilaren 5eko hauteskundeen inguruan astelehenean alderdi politikoetako ordezkariekin biltzekoa da Lehendakaria. 

Alarma egoeran bihartik aurrera 15 egunez
Goizean Eusko Jaurlaritzak "Osasun Alerta" deklaratu ostean, arratsaldeko lehen orduan Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek larunbat honetan bertan, alarma egoera indarrean ezarriko duela iragarri du. Estatuko baliabideak herritarrak babestera bideratu asmo ditu.

Egoera honetan, espainiar estatuak legez mugatu dezake pertsonen mugimendua edo biltze eskubidea estatu osoan edo estatu espainiarreko zati batean datozen 15 egunotan. Erabakia larunbateko ezohiko Ministroen Kontseilua onartzekoa da. Aste oso gogorrak datozela iragarri du Sanchezek. Koronabirusaren aurkako borrokaren lehen etapan baino ez gaudela azpimarratu du. Egungo egoeraren aurretik, Espainiako Gobernuak behin baino ez du jarri indarrean alarma egoera. 2010eko abenduko kontrolatzaileen grebak eragindako aire espazioaren itxierari erantzuteko.