Koronabirusa

Usurbilgo Sortu: "Babes sarea antolatuko dugu herrian"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 14a, 16:39

Telefono zerbitzua eta jendea nola lagundu kudeatzeko Usurbilgo Udalarekin hartuemanetan dela ohartarazi du Usurbilgo Sortuk. Babes sarea antolatu asmo dute herrian. Lasaitasunez eta erantzukizunez jokatzeko deia egin dute ezker abertzaletik.

Hemen sare sozialen bidez zabaldu duten adierazpena:

"Azken egunotan politikoki salatzen dihardugu hartu beharreko neurriak berandu datozela. Guri dagokigunean, Ezker Abertzaleko guneak itxiko ditugu Euskal Herri mailan (lokal, herriko, elkarte...) eta instituzioek hartutako erabakiak zorrotz bete behar ditugu. Prebentzio eta erantzukizun ikuspegi orokor batetik, Ezker Abertzalearen kidegoak ekarpen aktiboa egin behar dugu.

Pandemia honek sortuko dituen beharretan (batez ere zaintza lanetan) ekarpena eginez. Ez dugu onartuko hartu beharko diren neurrien ondorioak eta kostuak betikoen bizkar gainean jartzea (emakumeak, enpresari txikiak, helduenak...).

Hau horrela, babes sarea antolatuko dugu herrian. Udalarekin kontaktuan jarri gara telefono zerbitzua eta jendeari laguntza nola eman kudeatzeko, herritarrok gure aletxoa jarriz. Lasaitasunez eta erantzukizunez jarduteko betebeharra daukagu. 

Gora herria! "