Koronabirusa

Usurbilgo Eroski City: “Printzipioz, astelehenean iritsiko zaigu falta den guztia"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 14a, 17:34

Komuneko paperik ez dute ostegunetik. "Esnerik gabe gaude, berdurarik ez dugu, patatak eta arrautzak agortu egin dira... Hau eromena!”. Eroskiko zentraletik esan diete falta dena "normal-normal etorriko zaigula astelehenean”.

Usurbilgo saltokietan egun mugitua izan da gaurkoa. Atzo eta herenegun bezalaxe. “Jendeak ezin du gehiago erosi!", adierazi digu harridura aurpegiarekin Eroskiko saltzaile batek. "Ez gara atzo bezala ari, baina jende asko pasa da gaur goizean".

Azken bi egunotan, gainezka ibili dira Usurbilgo Eroskin. Eta ez dirudi egoera berehalakoan apalduko denik. "Ea astelehenean. Produktuak berrezartzen eta jendea atenditzen, erotu egingo gara". Antzeko fenomenorik ikusi gabeak dira Eroskiko saltzaileak. “Nik 15 urte daramatzat hemen lanean eta aste hau bezalakorik sekula ez dut ezagutu". Ez dute pertsonal gehiago kontratatu, "gaudenak denbora gehiagoz ari gara lanean”.

"Atzo ekarri ziguten patata eta berdura, eta gaur ez dago ezer. Hau eromena!".

 

 

"Datorren astelehenean ere hemen izango gara"

 Beldurra nagusi da egunotan. Eroskiko saltzailearen ustez, “birusaren kontu honekin jendea urduri dabil. Beldur handia du. 15 egun aipatu dituztela baina epea ez ote den luzatuko. Gu aspertuta gaude gauza bera esateaz, datorren astelehenean ere hemen izango garela. Eta Eroskik esan digu produktuak ekarriko dituztela beti bezala. Printzipioz, normal-normal”.