Koronabirusa

Iturralde farmazia: “Oso beltza jartzen bada asuntua, guardiako leihatilatik dispentsatuko dugu"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 14a, 16:42

Iturralde farmazian lanpetuta egon dira egunotan. "Tentsioa dago", hori izan da esan diguten lehendabiziko gauza. " Telebistan esaten dena ikusita, jendea urduri dago. Urduriegi”. Eskuetarako alkoholdun likidoa amaitu egin zaie eta maskarilarik gabe geratu dira. Baina astelehenetik aurrera, farmaziek ere irekita jarraituko dutela ohartarazi digute.

Genero aldetik eskasiarik ez dute baina produktu batzuekin tentuz ibiltzeko aholkua zabaltzen ari dira. “Parazetamola ez da agortu baina demanda igo da ikaragarri. Jende batek badu aurretik etxean, baina hala ere gehiago eskatzen digu. Hornitzaileek jada ez digute nahi adina bidaltzen. Muga batzuk jarri dizkigute. Egon badago, baina jendea hasten bada neurririk gabe eskatzen...”.

Eskuetarako alkoholdun likidoa ordea, amaitu egin zaie. “Guk geuk prestatu dugu baina orain materia prima gutxi geratzen zaigu. 96 graduko alkohola bukatu egin zaigu, edukiontzi txikiak eta handiak ere bai... Pentsa, guretzat ere bukatu egin da. Eta guk beharko dugu gure higienerako, ezta?". Maskarilak bukatu egin zaizkie. Jendaurrean aritzen diren langile guztiak bezalaxe, kezka pitin bat badute. Baina ez dute neurri berezirik hartu oraindik.  “Tira, zentzuz jokatzen duen jendeak metroko distantzia mantentzen du. Baina bada umea mostradorean ipintzen duenik...".

 

"Guk ez dugu itxiko"

Astelehenetik aurrera, farmazian jarraituko dute lanean. Betiko martxan. “Oso beltza jartzen bada asuntua, guardiako leihatilatik dispentsatuko dugu. Botikarien Kolegioak pauta batzuk bidali dizkigu eta horretarako aukera badago". Esamesak esames, “guk ez dugu itxiko. Aurrez aurre edo leihatilatik, baina farmaziek irekita jarraituko dute”.