Koronabirusa

Udal Prebentzio Mahaia, etenik gabe lanean

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 15a, 18:27

Egunotako laugarren urgentziazko bilkura egin zuen Udalaren Prebentzio Mahaiak larunbat arratsaldean pleno aretoan. Koronabirusari aurre egiteko Herritarren Babeserako Sarea osatzea izan zuten ahotan. Gai honi lotutako bandoa kaleratzekoa da Udala astelehenean bertan. 

Koronabirusari aurre egiteko Prebentzio Mahaia osatua du Udalak. Udalak ateratako ondoko argazkian ikus dezakezuenez, larunbat arratsaldean bildu zen azkenekoz udalbatza aretoan. Udal ordezkari eta langileak, Hurbilago Elkarteko kideak eta Herritarren Babes Sarea osatzen ari diren bolondresek parte hartu zuten lau orduz luzatu zen bilkuran. 

Prebentzio Mahaia azken egunotan behin baino gehiagotan bildu da, hainbat erabaki hartu dituzte: tartean, udal eraikinen ingurukoak edota ekitaldien etetea. 

"Atzokoan, Udalean sortutako Prebentzio Mahaia urgentziaz bildu zen osoko bilkuren aretoan, koronabirusari eta horren ondorioei aurre egiteko neurri berriak adosteko".

Aipatu moduan, hiru udal taldeetako ordezkariek, udal langileek, Hurbilago karteko kideek "eta zaintza eta adinekoen oinarrizko behar sozialei erantzuteko osatzen ari den herritar boluntarioen ordezkariek ere parte hartu zuten: pandemiari herri bezala erantzuteko lehenengo urratsa egin zuten".

Urgentziazko bilkuran, "herritarren babes sarea nola kudeatu, saltokietan prebentziorako zein neurri hartu eta horri guztiari erantzuteko udaleko gizarte zerbitzuak nola antolatu erabaki zuten" .

Gai honi lotuta bigarren bandoa kaleratzekoa da Udala astelehen honetan bertan.