Koronabirusa

Aldaketak osasun etxeetako jendaurreko zerbitzuetan

Osakidetzak zabaldu duen eta kontuan hartzeko oharra, Gipuzkoako osasun etxeei eragiten diena.   Lerrootan bildu dugu.

Osakidetzaren ohar garrantzitsua; ospitalean zein osasun-zentroren batean hitzordua eskatua duzuenoi eskatzen zaizue “ez joateko hitzordu horretara eta etxean itxaroteko, osasun zentroa bera edo onkologikoa haiekin telefonoz harremanetan jarri arte”. Osasun etxeetako langileek ahal duten heinean telefonoz kudeatuko dituzte kontsultak, “eta, beharrezkoa bada, aurrez aurreko hitzordua ezarriko da zentroan”. Osasun etxeetan premiazko odol emateak baino ez dira egingo, “eta programatutako proba osagarri guztiak bertan behera utziko dira (elektrokardiogramak, espirometriak …).

Aldiz, programatutako sendaketak mantenduko dira, “eta hitzartuta dauden erizaintzako beste prozedura batzuen kasuan, osasun-zentroaren deia jasoko dute herritarrek”. Webgunetik telefono bidezko kontsultak bakarrik eskatu ahalko dira.

Kontsulta espezializatuak
Bertan behera geratu diren hainbat zerbitzuren berri eman dute. “Ospitaleetan bertan behera geratzen dira kontsulta espezializatu, eguneko ospitale kirurgiko eta kirurgia programatu guztiak, kirurgia onkologikoa, Onkologia Medikua, Onkologia Erradioterapikoa, Onkologia Hematologikoa eta Onkologia Pediatrikoa tratamenduan dauden gaixoen kontsultak izan ezik. Era berean, eguneko ospitale mediko eta onkologikoen eta abian diren erradioterapia-saioen jarduera mantentzen da”.

Gogoan izan, arnas sintomatologikoarekin lotutako kontsultetarako 900 20 30 50 telefono zenbakia zabaldu du Osakidetzak. “Horrelako egoera baten aurrean erakutsi duten konpromisoagatik, heldutasunagatik eta erantzukizunagatik, herritarrei gure esker ona erakutsi nahi diegu, normaltasunera ahalik eta lasterren itzultzea espero dugu”.