Koronabirusa

Etxean geratu ezin dutenez, prebentzio neurriak hartzeko bildu dira herriko saltzaileak

Frontoian, borobilean eta elkarren arteko segurtasun tartea bermatuta bildu dira, etxean geratu ezin duten eta gu guztion hornikuntzaz arduratuko diren saltzaileak. Langile gisa, bezeroekiko hartuemanetan eta lokaletan aplikatu beharreko prebentzio neurrien inguruko bilkura egin dute, Udalaren ondoko argazkietan ikus dezakezuenez.

Dendek eta zerbitzuek zabalik segiko dute gaurtik aurrera. Baina adi, prebentzio neurriak hartu beharko ditugu beharrezko erosketa edo gestioak egiterakoan. Hurbilago Usurbilgo ostalaritza eta merkatarien elkarteko kideek gai honen inguruko lanketa egin dute, goizean frontoian bildu dira.

Hartu beharko ditugun prebentzio neurrien berri eman du. Ez baita ahaztu behar, geurearekin batera gu hornituko gaituzten sektoreko langileen osasuna zaintzen lagundu behar dugu. Albiste honi atxikitako kartelean eta segidan dituzue xehetasunak. Kartelak ikusgai izango dituzue saltokien atarietan. Guneon sarreran desinfektatzeko produktuak eta 1,5 metroko distantzia errespetatzeko seinaleak jarriko dituzte. "Brigadako bi langile bideratuko ditu udalak zeregin horretara, astelehenean goizean goizetik hasita" .

SALTOKI HONETAKO LANGILE GAREN ALDETIK, HONAKOA ESKATU NAHI DIZUEGU:
-Bakarka etor zaitezten erosketak egitera
-Kolektibo zaurgarrienetako kideak etortzea saihets dezazuen. 
-Ez zaitezten haurrekin etorri erosketak egitera.
-Eskuak garbi ditzazuen etorri aurretik.
-Gainontzeko erosleekiko eta gurekiko 1,5 metroko distantzia utz dezazuen.
-Eztula eginez gero, ukondoarekin estal zaitezten. 
-Txartelarekin ordain dezazuen, diruarekin beharrean, kutxazain dagoenarekiko kontaktua murrizteko. 

GOGOAN IZAN GUK EZIN DUGULA ETXEAN GELDITU, HERRITARRAK HORNITU BEHAR DITUGULAKO. 

LAGUN IEZAGUZU GURE LANA AHALIK ETA ONDOEN EGITEN, 

GURE OSASUNA ERE KONTUAN HARTUZ.

ESKERRIK ASKO!

EROSKETAK EGITEKO LAGUNTZA BEHAR BADUZU, 

EDO BESTE NORBAITEK BEHAR DUELA USTE 

BADUZU, DEITU HERRITARREN BABES SAREARI: 

688 634 512.