Koronabirusa

Udalak hartutako neurri berriak

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 16a, 13:38

Batetik jendaurreko zerbitzu fisikoa bertan behera uztea erabaki du Udalak astelehen goiz honetan. Horrekin batera, abian zituen zenbait lan deialdietarako izen emateak ere bertan behera utzi ditu.

Koronabirusaren eraginez osaturiko Udal Prebentzio Mahaiak erabaki berriak hartu ditu aste hasiera honetan. Orain arte mantentzen ari ziren herritarrentzako harrera fisikoa etetea erabaki du. Honenbestez, Udalarekin hartuemanetan jartzeko telefono zenbakia baliatu; 943 371 951.

Momentuz, udal barneko jarduna mantentzekoak dira. "Bilera, batzorde eta osoko bilkurak bere horretan mantenduko dituzte. Dena den, udal-langileen kontziliazioa errazteko helburua du udal-gobernuak, eta norabide horretan ari da lanean".

Udal lan deialdiak 
Batetik, udal liburuzain laguntzaile postua betetzeko lehiaketa-oposizio sistema bidez betetzeko Udalak eginiko deialdiko izen ematea bertan behera utzi du Udalak, koronabirusak eragindako alarma egoera gainditu artean behintzat. Gerora zabalduko da berriz izen ematea. 
Lanpostu honetan, erabiltzaileari arreta eskaini beharko da, zerbitzua ongi erabiltzen dela ziurtatu, liburuak eta maileguak kudeatu, funtsen erosketa, katalogazio eta sailkapenean lagundu, irakurzaletasuna bultzatu. 
 
Bestetik, operario lan-poltsa bat lehiaketa-oposizio sistema bidez sortzeko deialdia plazaratu zuen Udalak martxoaren 13an. Deialdi honetara eskabideak aurkezteko epea ere bertan behera geratu da, alarma egoera igaro arte. Informazio gehiagorako: usurbil.eus

Gizarte Zerbitzuak, lanean
Gizarte zerbitzuetan, lehendik hitzartuak zituztenak telefonoz egiten saiatuko dira, ahal duten neurrian. Gizarte langileek etxeetara hainbat bisita egin ohi dituzte, eta ezinbestekoak ez badira, datorren astean edo hurrengoan egingo dituzte.

Gainerakoan, telelana posible izateko lanean ari dira udala: momentuz, lehentasunezkotzat jo diren postuekin hasi dira lanean. Kontziliazioari dagokionez, kasuan kasu zer egin daitekeen aztertuko dute.