Koronabirusa

Michelin itxita, 8 egunez gutxienez

Gutxienez 8 egunetarako ixtea erabaki ditu Michelinek, Usurbil eta gainerako lantegiak. Astearte goizaldeko 6:00etarako beranduenez jota, guztiz etengo du bere jarduna. 

Hainbat enpresa handi ixten hasiak dira koronabirusagatik; CAF, Irizar... Tartean da Michelin. Usurbilgo eta Gasteizko plantak ixtea erabaki dute, estatuko lantegiak ere bai; Aranda de Duero (Burgos) eta Valladolidekoa eta Almeriako ikerketa zentroa. Astearte goizaldeko 6:00etarako guztiz etengo du bere jarduna. Aipatu moduan, etenaldia gutxienez 8 egunekoa izango da. Neumatikoen ekoizleak langileen artean kasu kopuru mugatu baten aurrean hartu du erabakia. Frantzia eta Italiako lantegietan ere neurriok aplikatzea erabaki dute. Oraingoz zortzi egunez, prebentzio neurri gisa. Batetik, langileen eta haien familien osasuna bermatu eta koronabirusaren hedapena geldiarazten laguntzeko.

Lan hitzarmena sinatu eta gutxira
Protesta eta lan uzte ziklo baten ostean dator itxiera hau. Gogoan izan, hitzarmen bana sinatu zuten otsailaren 7an zenbait sindikatuek eta enpresak; bat hemengo plantan bertako lantegirako eta bestea Valladoliden, estatuko gainerako lantegietarako. LAB aurka agertu zen. Hilabeteak zeramatzaten Michelingo langileak lan hitzarmen duin bat eskatzen eta hitzarmen hori negoziatzera eseri zedila enpresari galdegiten. Udazkenaz geroztik mobilizazioak eta ordubeteko lan uzteak egin zituzten urtarrila amaiera bitarte. Otsailerako zortzi orduko bi lan uzte egun ere iragarriak zituzten.

Otsailaren 7an berri eman zutenez ordea, lan hitzarmena sinatu zuten zenbait sindikatuek eta enpresak. LAB sindikatuak ohar bidez jakinarazi zuenez, "argi eta garbi baztertzen du enpresa eta CCOO, UGT, CSI eta USOren artean Lasarte eta Gasteizko lantegientzat adostutako baldintzak ezartzea, egun dagoen prekarietateari eusten diotelako eta murrizketa berriak ere jasotzen dituztelako".

Langileek eskatzen zituzten zenbait baldintza ez direla betetzen salatu zuen LAB-ek. "Salatu nahi dugu ez dela inolako soldata-igoerarik jasotzen 2019rako eta jardunaldia luzatu egingo dela (5x8 sistemarako), onartezina iruditzen zaiguna". Gainera, "funtsezko hobekuntzarik ere ez dago lantegietan bizi den malgutasun basatian, ezta lan-osasunean, berdintasunean edo esparru sozialean ere".

Langileen lan-baldintzak hobetzen segi asmoz
Urtebete igarota aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea jasotzen du hitzarmenak, baina LAB-en esanetan, "gogoratu beharra dugu hau legeak zehazten duena betetzea baino ez dela. Hala ere, ez du sartu berrientzako soldata-eskala bikoitza bertan behera geratzea, aurreko hitzarmenean CCOO, UGT, CSI eta USOk onartu zutena".

LAB hitzarmenaren aurka agertzeaz gain, "bere apostua da langileak izatea protagonista euren lan-baldintzen aldeko borrokan. LABek lanean jarraituko du langile guztien lan-baldintzak hobetzeko", iragarri zuen.