Konfinamenduaren agindua bete eta Covid19 birusarekin kutsatzeko arriskua murrizteko gutxieneko zerbitzuetan da Usurbilgo Udala. Berri eman dutenez, harrera fisikoa ezabatu dute udaletxean. Harrera telefono bidez egingo dute goizez, 9:00-14:00 artean, "Gipuzkoako Foru Aldundiak ordutegiak murrizteko hartutako erabakiari jarraituz".
Bestetik, udal-langileei dagokienez, "gehienek etxetik lan egitea erabaki dute eta hori posible izateko baliabide teknikoak prestatzen hasi da udala: bihar-etzitan, fisikoki udaletxean egotea beharrezkoa den langileak baino ez dira izango bertan".
Udal barruko jarduna ere etetea erabaki dute; batzordeak edota udalbatzarrak bertan behera gelditu dira, "hartu beharreko erabakirik ez dagoen bitartean". Prozesu administratiboak ere ez aurrera ez atzera, egoera horretan dira; "Pause botoiari emanda bezala, irekita dauden prozedurak ez dira iraungiko: alarma egoera bukatzen denean jarriko dira berriz ere martxan". Udalaren kasuan bi lan eskaintza: "liburuzain laguntzailearena eta udal-brigadako langileen lan-poltsarena".
Udal-brigada bitan banatuko dute, "egun alternoetan lan egiteko". Eguneroko eginbeharrei eutsiko diete, eta gainerako lanei, lehentasunen arabera helduko diete. Auzo-konpostari tartean. "Udal-brigadak hartuko du egituratzailearen bila joateko eta konposta husteko ardura. Datozen egunetan, auzo-konposta egin beharrean organikoa zintzilikarioan utzi nahiago dutenek, aukera hori baliatu dezakete".
Udaltzaingoak ohiko jardunean segiko du. Gizarte Zerbitzuetan "kasu larririk" ezean, iragan astean bezala, kontsultak telefono bidez egingo dituzte.