Koronabirusa

Udala, gutxieneko zerbitzuetan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 17a, 10:17

Telefono bidezko hartuemanak eguneroko harrera fisikoa saihestuko du, batzordeak eta udalbatzarrak bertan behera geratuko dira, prozesu administratiboak etenda... Hemen Usurbigo Udaleko Prebentzio Mahaiak hartutako azken neurrien berri.

Konfinamenduaren agindua bete eta Covid19 birusarekin kutsatzeko arriskua murrizteko gutxieneko zerbitzuetan da Usurbilgo Udala. Berri eman dutenez, harrera fisikoa ezabatu dute udaletxean. Harrera telefono bidez egingo dute goizez, 9:00-14:00 artean, "Gipuzkoako Foru Aldundiak ordutegiak murrizteko hartutako erabakiari jarraituz".

Bestetik, udal-langileei dagokienez, "gehienek etxetik lan egitea erabaki dute eta hori posible izateko baliabide teknikoak prestatzen hasi da udala: bihar-etzitan, fisikoki udaletxean egotea beharrezkoa den langileak baino ez dira izango bertan". 

Udal barruko jarduna ere etetea erabaki dute; batzordeak edota udalbatzarrak bertan behera gelditu dira, "hartu beharreko erabakirik ez dagoen 
bitartean". Prozesu administratiboak ere ez aurrera ez atzera, egoera horretan dira; "Pause botoiari emanda bezala, irekita dauden prozedurak ez dira iraungiko: alarma egoera bukatzen denean jarriko dira berriz ere martxan". Udalaren kasuan bi lan eskaintza: "liburuzain laguntzailearena eta udal-brigadako langileen lan-poltsarena".

Udal-brigada bitan banatuko dute, "egun alternoetan lan egiteko". Eguneroko eginbeharrei eutsiko diete, eta gainerako lanei, lehentasunen arabera helduko diete. Auzo-konpostari tartean. "Udal-brigadak hartuko du egituratzailearen bila joateko eta konposta husteko ardura. Datozen egunetan, auzo-konposta egin beharrean organikoa zintzilikarioan utzi nahiago dutenek, aukera hori baliatu dezakete".

Udaltzaingoak ohiko jardunean segiko du. Gizarte Zerbitzuetan "kasu larririk" ezean, iragan astean bezala, kontsultak telefono bidez egingo dituzte.