Koronabirusa

Itxaso Orbegozo, Bruselatik: “Praktikaldia eteten ez didaten bitartean hemen jarraitzeko asmoa dut"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 17a, 13:29

Orriotan, ezaguna egingo zaizue Itxaso Orbegozoren sinadura. Iaz NOAUA!n hasi zen lanean. Otsailaren amaieratik baina, Erasmus modukoa egiten ari da Bruselan. Koronabirusari aurre egiteko konfinamendua bertara ere iritsi da. Oraingoz, Bruselan segitzeko asmoa duela adierazi digu.

 

NOAUA! Nola zabiltza Brusela aldean? Eskolak hartzen ari al zarete oraindik?

Itxaso Orbegozo. Niri momentuz aste honetako praktikaldia eten egin didate, baina datorrenean jarraitzeko asmoarekin. Argazkilaritza estudio bat izanik bezeroen erabakiaren araberakoa da lana izatea edo ez izatea. Nirekin ikasle erresidentzian bizi direnei klaseak kendu dizkiete eta gehienak etxera joan dira. 13 bat elkartu ohi ginen eta hiru baino ez gara geratu. Beste biak erizaintza eta fisioterapeuta ikasketei lotutako praktikaldia egiten ari dira, eta momentuz ospitalean lanean jarraitzeko esan diete. Astelehenean joango dira lanera, eta kontrakorik esaten ez badiete, betiko martxan jarraituko dute.

 

Nola bizi duzu egoera hau? Eta zure etxekoek?

Ni egia esan nahiko pertsona lasaia naiz eta ez nago egoerarekin beldurtuegi. Daukadan beldurrik handiena aipatu ditudan bi lagunek alde egin eta bakarrik geratu behar izatea da. Hala gertatzen bada egingo ditut lagunak, ez da beste munduko arazoa. Etxera itzultzeari ez diot zentzu handiegirik ikusten, han arrisku taldeekin lotura gehiago baitaukat hemen baino.  Hemen asko jota lagunak kutsatuko nituzke, eta nire adinekoak izanik eta osasun arazorik ez dutenez, gaitza denok batera pasatuko genuke berrogeialdian egonda. Etxekoek ez didate ez itzultzeko ez geratzekorik esan, praktikak kendu ez dizkidatenez ez diogu buelta handiegirik eman gaiari. Haiek lasai daude eta ni ere bai. Praktikaldia eteten ez didaten bitartean hemen jarraitzeko asmoa dut, beraz. Denborak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiek zehaztuko dute nire Bruselako egonaldia.

 

Han dena zabalik al dago edo hemen bezala, hasi al dira dendak-eta ixten?

Dendak eta tabernak ostiral gauean itxi zituzten berrogeialdian hasteko. Guk azken egun hori aprobetxatu genuen janaria eta edaria erosteko, baina supermerkatuko produktu guztiak hartu gabe, ez da mundua amaituko-eta.

Alde egitea erabaki dute askok horregatik, eta tira, hemen geratzen garenoi barazki eta frutak eman dizkigute. Beraz, alde horretatik inolako arazorik ez. Mahai-jokoren bat erostea beranduegi bururatu zaigu, baina hilabete hemen egin behar dugunez, ideia ederra izan zitekeen. Kaleetan ere askoz ere jende gutxiago dago eta maskarilak ikustea ere ez da horren harritzekoa. Hilabete honetarako zereginak aurkitzea izango da zailena zentzu horretan, kalera atera gabe ez daukagu gauza gehiegi egiteko. Modulu amaierako lanari heldu beharko diogu modu serioan.