Ziortza: “Kanpaldia esperientzia paregabea da”

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 17a, 14:14

Ziortza Gazte Elkarteko kanpaldiak uztailean izaten dira. Izena aurrez eman behar da ordea. Martxoaren 22an amaituko da horretarako epea. “Izena emateko bidali mezu bat ziortzakanpaldia@gmail.com helbide elektronikora gaztearen izen-abizenak eta zein mailatan dagoen adieraziz”. Ziortzatik aditzera eman digutenez, plazak mugatuak izango dira.

NOAUA! Hasi zarete uztaileko kanpaldia prestatzen. Plazak mugatuak direnez, lehenbailehen izena ematea komeniko da, ezta?

Ziortza Gazte Elkartea. Lehenbailehen egitea baino garrantzitsuagoa da epe barruan egitea aurre izen-ematea. Ordena ez da kontuan hartuko, baina epez kanpo bidalitako eskaerak ez dira onartuko.

 

Aisialdiari dagokionez, zein da Ziortzak gaztetxoei egin dien eskaintza?

Urte guztian zehar antolatzen ditugu aisialdiko ekintzak gazteekin. Alde batetik urteko saioak ditugu, non hilabetean behin ostiral iluntzetan biltzen garen DBHko gazteekin. Normalean jolasak eta antzeko ekintzak egiten ditugu, baina aurreko urtean adibidez gazteek bi proiektu solidariotan parte hartzeko aukera izan zuten, DBH3koek Caritas elkartearekin batera eta DBH4koek Mukwano Lagun elkartearekin.

Errege kabalgata ere antolatzen dugu, non gaztetxoak antortxero bezala irteten diren.

Eta azkenik, kanpaldia antolatzen dugu uztailean zehar Errioxako Peñaloscintos herrian, DBH1etik DBH4ko gazteentzat. Kanpaldian ekintza ezberdin asko egiten ditugu: altxorraren bila erraldoiak, ur jolasak, lakura txangoak, 3-4 eguneko ibilbideak, antzerkiak eta kantu jolasak besteak beste.

 

Bi txanda antolatu dituzue. Eskaintza antzekoa al da bietan?

Bai, esan genezake antzekoa dela. Lehenengoan zaharrenek parte hartzen dute; egun batzuk luzeagoa da eta ibilbideak ere pixka bat luzeagoak, baina gainontzekoan oso antzekoak dira. Begiraleok kanpaldia antolatzerakoan gogo eta ilusio berdina jartzen diegu bi txandei, bi txandak ahaztezinak izateko ahalegina egiten dugu. Egia da txandak antolatzerakoan gazteen adina kontuan hartzen dugula eta horregatik bi txandak ez direla guztiz berdinak izaten, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu adin tarte bakoitzerako kanpaldi pertsonalizatu bat antolatzea, aldez aurretik aipatu dugun bezala esperientzia bakarra eta ahaztezina izan dadin.

 

Joan edo ez joan, zalantzan dagoen gazteari zer esango zeniokete?

Zalantzarik gabe animatzeko! Esperientzia paregabea da bizitzan behin gutxienez bizi beharrekoa. Gure egunerokoan ez dugu aukerarik izarren azpian lo egiteko edo eguneko 24 orduak lagunekin igarotzeko. Adin ezberdinetako lagunak egiteko ere aukera paregabea da kanpamendua, bertan sortzen den atmosfera bakarra baita. Gainera gaur egun gure egunerokotasunean inguratzen gaituzten teknologiaz eta sare sozialetaz deskonektatzeko aukera bikaina da. Teknologiak alde batera utzi eta naturaz eta lagunez gozatzeko.

 

“Peñaloscintosen egiten diguten harrera izugarria da”

NOAUA! Aurten ere, Errioxako Peñaloscintos herrian egingo dira bi kanpaldiak. Zuen presentziara ohituta egongo dira dagoeneko, ezta?

Ziortza Gazte Elkartea. Bai, herria gure presentziara ohituta dago, oso herri txikia da eta guztiek ezagutzen dute elkar, horregatik guk beraiekin dugun harremana ere oso gertukoa da. Egiten diguten harrera ere izugarria da, kanpaldiko datak gerturatzen doazen heinean herrikoek gazteak ea noiz etorriko diren galdetzen digute, herrian sortzen dugun giroarekin oso gustura baitaude. Herria alaitzen dugula esaten digute.

Izan ere, jolas asko herrian egiten ditugu eta bertan begiraleek eta baita gazteek ere bertakoekin hitz egiteko aukera izaten dugu. Oso harreman polita sortzen da gazteen eta herritarren artean.

Horrez gain, kanpaldian zehar egun bat hautatzen dugu Peñaloscintoseko herritarrei  beraien eskuzabaltasuna eskertzeko. Omenaldi txiki bat egiten diegu festa giroan.

Gainera, urtean zehar ere harremana mantentzen saiatzen gara eta urtero gabonetan  begirale batzuk bisitan joaten gara.