Koronabirusa

Herritarren joan-etorriak kontrolatzen hasia da Ertzaintza

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 18a, 11:25

Goizean kontrola ezarri du San Inazioko errotondaren bueltan. Ertzaintzak ohar bidez iragarri duenez, "garraio partikularra eta kolektiboa kontrolatuko ditu, baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko". 

Asteazken goiz honetan, San Inazioko errotondaren bueltan Ertzaintzak jarritako kontrola duzue, herritar batek helarazi digun ondoko irudia. Ibilgailu dezente gerarazi dituzte herrirako sarbide nahiz irteera den biribilgune honen bueltan. Ohar bidez Ertzaintzak gogorarazi duenez, "garraio partikularra eta kolektiboa kontrolatuko ditu, baimendu gabeko joan-etorriak eragozteko". 

Ertzaintzatik herritarrei gogorarazten die beste behin, "alarma-egoera dela-eta ezarritako konfinamendua ohiko etxebizitzan bete behar dela, eta debekatuta dagoela bigarren etxebizitzetara edo aisialdikoetara joatea".

Gogoan izan, ostegun hau (martxoak 19) jai eguna da. Izatez askok lau eguneko zubi luzea aurreikusia izango zuten haien agendetan. Hori dela eta, Ertzaintzak ohartarazi duenez, "San Jose zubira begira, kontrolak ezarriko ditu errepideetan eta garraio kolektiboaren geltokietan". 

Kontrol hauen bidez, "bermatu nahi da betetzen direla alarma-egoeraren ondorioz ezarritako mugimendu-murrizketak". Ertzaintzak gogorarazten duenez, "une hauetan pertsonek, besteak beste, lan-jarduerak edo premia bizikoak egiteko bakarrik zirkulatu dezakete bide publikoetatik". 

Gidaria aurrean, bigarren laguna atzean eskuin aldean
Lanerako edo premia bizikoak diren zereginetarako errepidera atera asmo duenak argi izan baita, Ertzaintzaren ondoko ohar hau. "Gogoratzen da, osasun publikoaren larrialdi eta alarma egoera hau betetzeko, Ertzaintzak errepideetako edo horietako zati batzuetako zirkulazioa eten ahal izango duela osasun publikoarekin, segurtasunarekin, trafikoaren arintasunarekin edo adierazitako arrazoiengatik ibilgailu jakinen zirkulazioa mugatzearekin zerikusia duten arrazoiak direla-eta. Bestalde, desplazamenduaren arrazoiak argitasun osoz eta egiaztatzeko moduan justifikatzeko azalpena eskatu ahal izango die gidariei".

Autoan zirkulatzeko, ahal den heinean gidaria bakarrik joatea gomendatzen da. Gehienez beste lagun bat joan daiteke. "Bigarren pertsona bat badoa, atzeko eskuineko aldean eseriko da, segurtasun-distantzia errespetatuz. Debekatuta dago ibilgailuetan joan-etorriak egitea segurtasun-distantzia hori errespetatu gabe".