Presoei idazteko deia

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 20a, 09:52

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, presoei “gogoan ditugula adierazi eta gure animoak bidaltzera” animatzen dute idatziz. Bereziki Aranjuezeko espetxean diren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrei.

Euskal presoen eskubideen aldeko hileroko elkarretaratzea astebete barrurako zuen iragarria Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak, baina dakizuenez, gutxienez, hilabete amaierara arteko ekitaldi guztiak bertan behera geratu dira, koronabirusa dela eta. “Itxura guztien arabera presoak bisitarik gabe geratuko dira" . Testuinguru honetan, presoei “gogoan ditugula adierazi eta gure animoak bidaltzera” animatzen dute aipatu bilgunetik. Modu berezian, preso herrikideei.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Madrilgo Aranjuezeko espetxean dituzte preso. Olatzen amen moduluan funtzionario bat koronabirusaz kutsatu zen hilabete hasieran eta ondorioz, “modulu guztia isolatua dago, eta, hortaz, ez du inoren bisitarik jasotzen”.

Egoera orokorrarekin batera, familiak berak bizi duena erantsi behar. Xuak 3 urte bete ostean, orduan Valentziako Picassenteko espetxean izan eta espetxealdiaren hiru laurdenak beteta, jada kalean behar zuten gurasoengandik bereizi zuten urtarrilaren 19an. Gerora, Aranjuezeko espetxera lekuz aldatu zituzten Olatz eta Patxi. Bereizi zituztenetik behin bakarrik ikusi ahal izan du Xuak Olatz.

Horregatik, "eta gehienok etxean ohi baino gehiago gaudenez", Olatz eta Patxiri idaztera deitzen du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Hemen helbideak:

Olatz Lasagabaster Anza
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo F2
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madrid)

Patxi Uranga Salbide
Centro Penitenciario Madrid VI-
Modulo 1
Carretera N-400, km 28
28.300 Aranjuez (Madril)

Etxerat
Estatu mailako 30 erakunde baino gehiagok, tartean Etxerat-ek, presoei premiazko neurriak apikatzea eskatu diete. "Espetxeetako egoera oso zaila izan daitekeela ulertzen dugu eremu honetan dauden gabeziengatik eta hutsuneengatik; pilaketa, zerbitzuen gabezia, mediku-arreta eskasa edota 70 urte baino gehiago eta larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzearen eraginez, besteak beste". 

Horregatik, larriki gaixo diren presoak eta 70 urtetik gorakoak aske uztea eskatzen dute, lokutorio bidezko hartuemanak indartzea, iraupen laburreko espetxealdiko presoak aske uztea, senideak presoen osasun egoeraz informatzea, kontrol neurri bereziak funtzionario eta langileentzat; edota kasu positiboak mediku instalakuntzetan artatzea. "Egoera honek ondorio larriak eragin ez ditzan, berehalako esku-hartze eraginkorra behar du, presoen eskubideak eta osasuna lehentasunezko helburutzat hartzen duena. Eskakizun hau Frantziar Estatuko autoritate judizialei eta espetxeko agintariei zabaltzen diegu baita ere", Etxerat-etik ohartarazi dutenez. 

Kinkea
Etxerat-en Kinkea produktu promozio berriaren martxoaren 21eko zozketa bertan behera geratu da, "koronabirusak sortutako egoeraren larritasuna kontuan izanda". Etxerat-ek iragarri duenez, "udaberriko promozioaren zozketa martxoaren 30ean gauzatuko dugu". Informazio gehiago kinkea.eus atarian jasoko duzue.