Koronabirusa

Hondakinen bilketak indarrean segiko du, baina adi ohar hauei

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 20a, 10:28

Aste hasieran 11 urte bete zituen Atez Ateko Bilketak indarrean segiko du konfinamenduak indarrean iraun artean ere. Baina Udalak plazaratu berri duen bandoaren bidez, honako oharrok kontuan hartzea eskatu du.

Hondakinak atez ate biltzen segiko du Usurbilgo Udalak alarma egoera honek iraun artean. Hala jakinarazi du etxe atarietan eseki duen bando berri baten bidez. Aldiz, momentuz, bestelako zenbait bilketa zerbitzu etenda geratuko direla berri eman du Udalak. Horrez gain, covid19 birusagatik kutsatuta edota berrogeialdian isolatuak diren herritarren kasuan, Udalak ohartarazi duenez, "garrantzitsua da Udalari egoeraren berri ematea". 669 87 40 22 telefono zenbakira deitu eta hondakinak kudeatzeko moduaz argibideak jasoko dira. Argibideekin ondoko taula kaleratu du. Hemen xehetasunak:

BANDOA
USURBILGO HIRI HONDAKINEN BILKETA: ALARMA EGOERA ETA OSASUN LARRIALDIRAKO EZOHIKO NEURRIAK
Usurbildarrei eskaintzen zaien atez ateko hiri hondakinen bilketa mantendu egingo da, eta gaikako bilketa era arruntean egiten jarraituko da. 

Aldiz, Covid19 birusarengatik kutsatuta edo/eta berrogeialdian isolatuta bazaude, etxeko hondakinak modu berezian kudeatu behar dira kutsatze arriskua murrizteko, eta garrantzitsua da Udalari egoeraren berri ematea. Horretarako, Udalak eskuragarri jarri duen 669 87 40 22 telefonora deitu eta hondakinak zer-nola kudeatu behar diren argibideak jasoko dituzu.

Gainontzean, hondakinen bestelako bilketei dagokienez, hurrengo zerbitzuak eten egiten dira, bestelako berririk ez dagoen bitartean: 
-Usurbilgo Atalluko Garbigunea.
-Hondakin arriskutsuak jasotzen dituen San Marko Mankomunitateko furgoneta ibiltaria.
-Astero egiten den boluminoso eta altzarien bilketa pertsonalizatua.
-Komertzioetan egiten den etxeko olioaren bilketa zerbitzua. Bitarte horretan, etxean gaika egoki jasotzea eskatzen da. Berriz ere zerbitzua abian jarri bitartean.