Koronabirusa

"Baserriko Plaza", tokiko produktuen salerosketarako atari berria

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 23a, 12:46

Covid19-ak eragindako krisiari aurre egiteko lau egunetan bertan landu eta abiarazi duten egitasmoa da "Baserriko Plaza" : baserrietako produktu frexkoak salerosteko sor daitezkeen arazoei aurre egiteko zabaldu duten bide berria. Laguntzaileen sarea osatu nahi dute. 

Covid19-ak larrialdi egoera eragin badu ere, krisi guztien antzera, une honetako beharrei erantzuteko proiektu eta ekimen anitz martxan jartzen ari dira. Lerrootan dugu adibideotako bat.

Covid19-a dela eta, indarrean den konfinamendu egoerak tokiko produktuak salerostea nabarmen zaildu du. Krisialdi honi erantzuteko hainbat eragile eta baserritar bildu eta baserrikoplaza.eus ataria sortu dute; "egoera honek tokiko baserritar eta ekoizleek elikagaiak saltzeko eta herritarrok horiek eskuratzeko ditugun zailtasunei aurre egiteko" .

Ez baita ahaztu behar, baserritar txikien ekoizpenarentzako irtenbide bakarra salmenta zuzena izan ohi da: egunotan debekatu dituzten azokak eta itxi dituzten tabernak eta jatetxeak.

Baserritar txikiei laguntzea du xede "Baserriko Plaza" egitasmoak. Ekoizleak eta erosleak bildu nahi ditu proiektuak: "topagune honetan harremanak berreskuratzen ditugu, eta horien bidez baserritar eta herritarrontzat konponbide duina, osasuntsua, kolektiboa eta iraunkorra lortzen dugu".

 

Baserritik plazara

Plaza berri honetan aurkitu ahalko dira, "Euskal Herri osoko baserriko produkturik freskoenak eta onenak. Elikagaiak eskuratzeko hainbat aukera izango dira: baserrietan, denda txikietan, azoketan, zeure etxean edo suertatzen den lekuan".

Era guztietako laguntzaileak behar dituzte proiektu honetan. Bazkide izan daitezke produktuak ekoizten dituzten baserriak, edota bezeroen arretaz, logistikaz edota web orrialdearen mantenuaz arduratzeko prest dauden laguntzaileak. "Balia dezagun denok egoera hau indartzeko". Baserriko Plaza egitasmokoekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue eskura:

688 867 020

baserrikoplaza@gmail.com

baserrikoplaza.eus