Sortuz, bakardadea isolatuz

Maddi Egizabal: "Dokumentalean elkarrizketatu genituen pare bat kide izango dira gurekin zuzenekoan"

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 25a, 09:57

Usurbilgo Artixtek antolaturiko zuzeneko saioak atzo abiatu ziren. Ixak Arrutik piano kontzertu bat eskaini zuen eta jende askoren arreta bereganatu zuen. "Sortuz, bakardadea isolatuz" ekimenaren bitartez, kontzertuak, solasaldiak, tailerrak... eskainiko dituzte egunero Facebook eta Instagram bitartez. Gaur Maddi Egizabalen txanda izango da.

Joan den udazkeneko errebolta lehertu zenean, Maddi Txilen zen ikasten.  Prozesu historikoa bertatik bertara jarraitu zuen eta bizipen guztiekin "Sobrevivir" izeneko dokumentala osatu zuen Lasarte-Oria, Donostia eta Oñatiko ikaskideekin batera. Dokumentalaz hitz egingo du gaurko emanaldian.

 

NOAUA! Nolakoa izango da egingo duzun agerraldia? Zerbait aurreratzerik?

Maddi Egizabal. Naturala eta zintzoa, zuzenean bihotzetik ateratakoa. Hala izan dira Txilen egin genuen dokumentalaren inguruan orain arte egindako agerraldiak ere. Dokumentalaren sortzaileon izateko moduagatik, alde batetik; eta Txilerekin konektatzean bertakoen bihotzekin konektatzen dugulako, bestetik. 

Oraingo honetan, gainera, dokumentalean elkarrizketatu genituen pare bat kide izango dira gurekin zuzenekoan. Modu honetara, beren borrokak azken hilabeteetan izan duen bilakaera azaldu ahal izango digute, gaur egun nola dauden, eta zer espero duten etorkizunerako. Haiei galderak egin ahal izatea ere oso interesgarria izan daiteke.

 

"Guztiz pribilegiatua da nire egoera"

NOAUA! Konfinamendua goxatzeko xedez abiatu da ekimena. Eta zuk, etxean nola daramazu egoera hau?

Maddi Egizabal. Egia esan, oso ongi daramat egoera etxean. Jakin badakit egoera guztiz pribilegiatua dela nirea, oraingoz ez garelako ez ni ez familiako kiderik gaixotu,  ez zaidalako ezer falta etxean eroso egon ahal izateko eta abar luze bat. Denbora neraman anai-arreba eta gurasoekin kalitatezko denbora pasa gabe, ikasle pisu batean bizitzetik Hego Amerikara joan nintzelako sei hilabetez, duela gutxira arte. Hortaz, konfinamendua familiako kideekin berriz ere konektatzeko aprobetxatzen ari naiz. 

 

"Aukera ona da egiteke nituen lanak aurreratzeko"

NOAUA! Labur bada ere, zer da konfinamendutik okerren daramazuna? Eta alde onik ikusi badiozu, zein?

Maddi Egizabal. Egoera honetatik okerren daramadana, birusak eragin duen egoera berri honetan sufritzen ari diren eta sufrituko dutenengan pentsatzea da. Kalitatezko osasun sistema bat ametsetan ere irudikatu ezin dezaketen horiek, eskuak garbitzeko ere baliabiderik ez dutenak, tratu txarren emaileekin giltzapeturik daudenak, langabezian geratu direnak, ospitaleetan hiltzear dauden familiako kideak agurtzeko aukerarik ez dutenak, geratu gabe lanean dauden eta guztiak artatzeko aukerarik ez duten osasun langileak...

Soilik nire zilborrari begira jarrita, nire etxeko lau paretetatik at sufrimendurik ez balego, konfinamendu hau eskertuko nuke. Gure planetak arnasa hartzeko beharra zuela garbia da, eta gure gizartean, gizakiok beharra genuen  benetan garrantzitsua dena baloratzeko. Bai gizarte mailan, baita arlo pertsonalean ere. Gainera, niretzat aukera ona da egiteke nituen lanak aurreratu, gustuko ditudan gauzak egiteko denbora eduki, eta, orain arte bizi izan dudana asimilatzeko. 

Argazkia: Felipe Marin Araya.

 

Zuzenekoak, sare sozialetan ikusgai

Ixak eta Maddiren saioez gain, gainontzeko emanaldiak sare sozial hauen bitartez jarraitu ditzakezue:  Facebook-en, Usurbilgo artixtak orrialdean eta Instagramen @sortuzbakardadeaisolatuz helbidean.

 

Nola parte hartu?

Ekimen honetan parte hartu nahi duen orok ateak zabalik ditu. "Zuzeneko bat burutu nahi baduzu idatz iezaguzu aipaturiko plataformetara edo idatzi email bat usurbilgoartixtak@gmail.com helbidera. Bestetik, ikus-entzunezko euskarririk sortu baduzu, helaraziguzu bide berbera erabiliz".