Koronabirusa

Elikadura bermatzeko diru-laguntza berezien oinarriak argitaratu ditu Usurbilgo Udalak

Hauexek izango dira onuradunak: euren elikadura, lehendik, elikagaien bankutik bermatua zutenak, eta Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzeko ezartzen diren gehienezko diru-sarreren baldintza betetzen dutenak, 2020 urteko diru-sarrera aurreikuspenen arabera.

Oinarrizko elikadura bermatzeko dirulaguntza bereziak sortzea erabaki zuen lehengo astean Prebentzio Mahaiak, eta asteon argitaratu ditu Udalak horiek eskatu ahal izateko oinarriak. “Diru-laguntza horren helburua da konfinamenduaren ondorioz elikadura bermatu ezin duten hainbat kolektibo zaurgarriri laguntzea alarma egoerak irauten duen bitartean, hain zuzen, elikadura bermatzeko baliabideak emanez. Behin baino gehiagotan eskatu ahal izango da, alarma amaitu arte, behar bezala zurituz gero”, udal iturriek aditzera eman dutenez.

Batetik, Oiartzungo elikagaien bankua itxi egin dute, eta elikadura horren bidez bermatua zuten herritarrak behar hori ezin ase gelditu dira.

Bestetik, konfinamenduaren ondorioz, lanpostua galdu duten herritarrak daude, edo pentsiodunak, pentsio duinik ezean, oinarrizko elikadura bermatzeko zailtasunak dituztenak.

“Langabetuen eta pentsiodunen kasuan, Gizarte Larrialdiko Laguntzak jasotzeko ezartzen diren gehienezko diru-sarreren baldintzak hartuko dira erreferentziatzat”. Hau da, 2020 urteko diru-sarrera aurreikuspenak baldintza horien azpitik dauden herritarrek Udalak ateratako diru-laguntza berri hau jasotzeko eskubidea izango dute.

 

Hiru diru-laguntza mota:

Kide bakarreko familia unitateak:

Urtean, gehienez, 13.427 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 100 euro hamabost eguneko.

 

Bi kideko familia unitateak:

Urtean, gehienez, 17.241 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 150 euro hamabost eguneko.

 

Hiru kide edo gehiagoko familia unitateak:

Urtean, gehienez, 19.072 euroko diru-sarrerak.

Jasoko duten laguntza: 200 euro hamabost eguneko.

 

Alarma egoerak irauten duen bitartean eskatu ahal izango da

Alarma egoerak irauten duen bitartean eskatu ahal izango da laguntza, eta, hamabost egunetarako laguntzak direnez, behin baino gehiagotan eskatu ahal izango da (alarma egoera bukatu arte). Jasotako eskaerak hamabostaldika sailkatuko dira, eta atzeraeraginekoak izango dira: eskatzen den hamabostaldiari dagokion laguntza jasoko dute. Hau da, norbaitek apirilaren 4an eskatzen badu, apirilaren 1etik 15era bitarteari dagokion laguntza jasoko du.

 

Laguntza, diru-sarreren aurreikuspenaren araberakoa

Diru-laguntzak, ohiko egoeratan, aurreko urteko diru-sarreren araberakoak izan ohi dira. Elikadura bermatzeko laguntzen kasuan, 2020ko diru-sarreren aurreikuspenen arabera banatuko dira. Eskatu ahal izateko, nominak edo pentsioen edo langabeziaren prestazioa ziurtatzen duten agiriak eskatuko dira. Printzipioz, eskatzen duen orori emango zaio dirulaguntza, eta aipatu dokumentuak aurrerago aurkezteko eskatuko zaie, alarma egoera bukatzen denean. Momentu horretan baloratuko dute gizarte zerbitzuek laguntza jaso dutenei bazegokien edo ez: ezezko kasuan, jasotako laguntza bueltatu beharko dute.

 

Zuritzea

Diru-laguntza hori bigarren aldiz eskatzen dutenek, lehenengo laguntza elikaduran gastatu dutela ziurtatu beharko dute. Hau da, emandako diru–laguntzarekin ordaindutako tiketak aurkeztu beharko ditu eskatzaileak, bigarren laguntza eskatu eta jaso ahal izateko.