Koronabirusa

Isolamendua eta arrisku egoerak kudeatzeko laguntza zerbitzuak jarri dira martxan

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 28a, 11:23

Egunerokoan gizartean bizi ditugun denetariko arazo, gatazka eta indarkeriak etxe barruetara eramatea eragin du indarrean den itxialdiak. Edota lehendik etxe barruan bizi zirenak okertzea. Egoera hauei itxialdia bera kudeatzeko norberak izan ditzakeen zailtasunak batu behar. Covid19-ari aurre egitearekin batera, uneotan sor daitezkeen errealitate anitzak kudeatzeko zenbait protokolo indartu eta laguntza zerbitzu zabaldu dira. 

Indarkeria matxistari aurre egiteko udal protokoloa

Konfinamendua hasi berritan, Soraluzen emakume bat erahil zuten. Biharamunean, lapikoak kolpatuz, mobilizazio burrunbatsu batekin salatu zuten herritarrek urte honetako Euskal Herriko hirugarren erahilketa matxista. Indarrean den konfinamendu egoerarekin kolektibo honen egoera larriagotu daiteke. Egoera honen aurrean, indarkeria sexistaren aurkako protokoloa indartu du Usurbilgo Udalak. 

Ohiko etxebizitza uzteko beharra dutenentzako Udalak hiru etxebizitza jar ditzake. “Bi bizitzera sartzeko moduan daude, eta hirugarrena prest uzteko lanetan ari da udal-brigada”. Erasotuak izan daitezkeen emakumeek telefono zenbakiok dituzte eskura:

-SOS Deiak: 112.

-Udaltzaingoa: 943 361 112.

-Udal Berdintasun Saila eta Gizarte Zerbitzuak (goizez): 943 377 110.

-Satevi, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzako telefono bidezko 24 orduko arreta zerbitzua: 900 840 111.

 

Bakardadeari aurre egiteko

Adinekoen kolektiboak ere Udalaren arreta gunea izaten segiko du konfinamendu egoera honetan. Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako 270 helduei banan-bana deitzen hastekoak ziren udal-langileak. “Zer moduz dauden, maiztasun jakin batekin telefonoz deitzea nahi luketen, elikadura bermatua duten eta Herritarren Babes Sarearen berri ba ote duten jakiteko”.

Osasun fisikoa zaintzeaz gain, burukoa ere zaintzen laguntzeko zerbitzu bat jarri du martxan Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak.

Osasun fisikoa zaintzez gain, burukoa ere zaintzen laguntzeko zerbitzu bat ere martxan jarri du Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak. “Bizitzen ari garen berrogeialdi-egoera honek eragina izan dezake pertsona askoren gogo-aldartean, bai isolamenduarengatik bai egunero Koronabirusaren inguruan jasotzen dugun informazio mailagatik”. Pertsona hauei guztiei psikologikoki laguntzeko helburuz zabaldu da telefono bidezko arreta psikologikoa. Zerbitzua elkarteko kide diren bolondres profesionalek eskainiko dute. Zenbaki honetan: 692 566 160.