Koronabirusa

Erizaina Donostian: “Ospitaleratze asko espero dira egunotan”

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 29a, 12:30

Iluntzeko 20:00etan, eurentzat izan ohi dira herritarren txaloak eta animoak. Egunotako soinu banda osasun arloko profesionalei zuzendua dago. Donostiako Ospitalean lanean ari den erizain usurbildar batekin egon gara. Anonimotasunetik, bere bizipenak azaldu dizkio NOAUA!ri.

Beldurrez bizi ditu egun hauek. “Ez dakigu zeren aurrean gauden”, aitortu digu Usurbilgo erizain honek. Oso eskertuta dago iluntzeroko txaloaldiengatik,  baina umiltasun osoz esan digu euren lana baino ez dutela egiten.  Birusa ez da buruan duten kezka bakarra. Lan baldintzek loa galarazten diete. “Gero eta material gutxiago dago eta hortik dator protokoloaren egokitzapena. Gaur egun, gure unitateak badu materiala”. Baina gero eta gaixo gehiago ospitaleratzen dituzte. “Materiala duzun artean seguru sentitzen zara”. Protokoloa ondo betetzea ere inportantea da. Bere denbora ematen du egoki janzteak. “Hori materiala dugun artean. Materiala bukatzen den egunean, gero eta ageriago egongo gara. Baina gure arreta berbera izango da. Guk berdin zaindu behar dugu gaixoa, baina ez gara berdin egongo babesturik”. Eta horrek kutsatze-kate amaigabe bat ekar dezake. “Ospitaletik etorriko gara etxera, eta etxean beste pertsona batzuekin egongo gara, eta joan beharko dugu erosketak egitera... Horregatik da hain garrantzitsua gu ez kutsatzea”.

 

NOAUA! Ospitaletik nola ikusten dira gauzak? Uste baino larriagoa al da egoera? 

Erizaina Donostiako Ospitalean: Aurreko ostiralean bueltatu nintzen ospitalera. 10 egun ziren azken aldiz bertan izan nintzenetik. Eta ostiralean lanera bueltatu nintzenean, inpresio handia egin zidan isiltasunak.

Ospitaleko larrialdietara jaitsi eta ez da ezer entzuten. Jendeak ordurako bazekien etxean geratu behar zuela, ospitalera ahal den gutxien joateko deia zabaldu zelako.

 

Eta nolako giroa dago zure unitatean?

Hor datoz larritasunak. Datorren pertsona hori ez dago ondo. Hori berez oso estresantea bada, orain, beste gauza bat hartu behar dugu kontuan. Bestea  bezain estresantea dena. Gure burua ondo babestu behar dugu, gu ez kutsatzeko.

 

Gauzak ezberdin ikusiko dira ospitaletik, ezta?

Etxean zaudenean, kaleak hutsik ikusten dituzunean, lasaitasun “tentso” horren lekuko zara. Gutxi asko, badakizu zer suposatzen duen jende guztia etxean egoteak. Baina hara iristean, tentsio uneak areagotu egiten dira. Badakizulako zer datorren. Gaixo bat etortzen den bakoitzeko, ohe bat gutxiago dagoela besteentzat.

 

“Ez dakigu zeren aurrean gauden”

2009. urtean, A gripea zabaldu zenean, antzeko egoera bizi izan zuten osasun arloko profesionalek. “Jendea etxeetan geratu ez zenez eta ohiko bizitzari eragin ez zioenez, jada ahaztuta dugu”, erizainak azaldu digunez.

Gaurko egoera bestelakoa da. Birusa ezezaguna baita oraindik. “Gu gauden unitatean, jendea oso gaizki dago. Isolamendu protokoloetan sartzen gara eta horrek guri errespetu asko eta beldur handia ematen digu.Ez baitakigu zeren aurrean gauden”. Kezka handiarekin bizi dute eguneroko jarduna. “Talde multidiziplinar bezala lan egiten ari gara. Zure kideak dira zuri lagunduko dizutenak”. 

Osasun arloko langileek agerraldia egin zuten martxoaren 10ean Txagorritxuko ospitalean, langileentzat babes neurri gehiago eskatzeko.

 

“Hau da gure lana, tokatu zaiguna"

Gure solaskidea txundituta dago bizilagunen elkartasun olatuarekin. Errepikapenaren errepikapenez, iluntzeroko ohitura bihurtu den txaloaldiarekin. “Egia esan, balkoira ateratzen naizen bakoitzean hunkitu egiten naiz. Akaso denak etxean dauden artean guk atera behar dugulako kalera, gure lana egitera”. Ez nolanahikoa, birusa duten pertsonak zaintzea dagokie-eta erizainei. “Hori da gure lana, tokatu zaiguna. Harrotasun handiz ari gara, gure lana da”.

Eguneroko elkartasun keinu hauekin oso eskertuta dago usurbildar erizain hau: “estimatzen da pila bat jendeak hain ondo baloratzea. Ez nuke hau egun batzuetako kontua izatea, isolamenduaren hasierako egunetan gaudelako oraindik. Eta euforiko gaudelako”. Gero animoak beherantz egingo duten beldur da. “Baina guk hor jarraituko dugu. Hau ez da bukatuko itxialdia bukatzen denean. Kasuak hor egongo dira eta guk beti joan beharko dugu ospitalera. Guretzako epe luzeko borroka izango da”. Ez hori bakarrik. “Kontuan izan gaixo hauek ondorio asko dituztela, gaixotasun honek birikei asko eragiten dielako. Haien errekuperazioa ez da gaurtik biharkorako zerbait izango. Eta orduan ere, hor jarraituko dugu guk”.

Esker oneko hitzak ditu baina ez ditu beste arlo batzuetako langileak ahaztu nahi. “Gure lana egiten ari gara. Beste sektore askotan jendeak lanean jarraitzen duen bezala”.

Osasun arloko langileek ez dute beste munduko ezer eskatzen. Lan baldintza duinak eta material egokiak. “Gu babesteko eskatzen dugu, gu ez kutsatzeko eta guk gure ingurukoak ez kutsatzeko”. Baina horretarako, osasun arloko egitura guztia berrindartu behar dela adierazi digu erizain usurbildarrak. “Askotan minimoan gaude lanean, eta egunak pasa ditzakegu horrela. Baina halako gauza bat heltzen denean, ez duzu nahikoa baliabiderik”. Eta baliabide faltan, azken buruan, nork ordaintzen du? “Gaixorik datorrenak. Guk ahalegin handia egiten dugu, baina gaixo etorri denak ordaintzen du azkenean”. Tokatzen zaionari hau esango lioke: “baloratu dezala sistema publikoa nola dagoen”.

 

“Hemen ere pasa daiteke”

Txagorritxu ospitalean erizain bat hil zen aurreko astean. Eta hori ondo gogoan dute egunero ospitalera doazenek. “Hemendik akaso urruti ikusiko da, baina hemen ere pasa daiteke. Prest egon behar dugu, guardia ez da jaitsi behar”. Birusak gainera, “gure artean segiko du gerora ere. Errespetu puntu horretatik, gauzak ondo egiten jarraitu beharko dugu”. Nola? Eskuak ondo garbitzeko hartu dugun ohitura mantenduz, adibidez. Berrogeialdia luzatu ala eten, kutsatzeko arriskuak “hor segiko duelako gerora ere”. Birusa akabatuko duen txerto bat topatzen duten arte behintzat.

 

“Badakit estresantea dela sintomak izanda, etxean geratu behar izatea”

Eskuak ondo garbitu. Behin eta berriro zabaldu duten mezu hori gogoan izan behar dugu. Sintomarik badugu, “buruarekin jokatu dezagun”, adierazi digu Usurbilgo erizain honek. 

“Senide bat gaixo badago, lehenengo erreakzioa da gaixoa anbulatoriora eramatea”. Kontuan izan ordea, akaso eramaten duzun toki horretan kutsatu daitekeela zure senidea. “Badakit estresantea dela etxean geratzea, deika ibili eta inork ez hartzea. Baina esan badigute hala egiteko, jarrai ditzagun ezarritako arauak”. Eskuak garbitu eta etxean geratu. Non da muga ordea? Noiz eman behar da osasun etxera joateko urratsa? “Arnas ezintasuna sortzean, orduan bai etxetik atera behar duzu. Birika horiek benetan sufritzen ari direlako”.

Argazki nagusia: ELA sindikatua.

Txagorritxuko argazkia: Alea aldizkaria.