EROskopoa

Apirileko eroskopoa

Noaua Aldizkaria 2020ko api. 1a, 12:13

Konfinamendu egunetan ere, Puntapaxeko sorgina lanean ari da. Fin-fin gainera! Hauek dituzue apirileko iragarpenak. Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu irudiak.

ARIES

Aurten zure urtebetetzea berezia izango da, etxean ospatu beharko baituzu. Hileko aholkua: Gonbidatu Facebookeko zure milaka lagunak festa birtual batera!

 

TAURUS

Badakigu oso erosoa dela, baina saiatu egun guztia pijametan ez egoten. Hileko aholkua: Armairua ireki eta jantzi zure arroparik dotoreena noizean behin. Edo mozorrotu. Bizi poz pixka bat beharrezkoa da!

 

GEMINI

Dagoeneko estresatuta zaude waxapetik ez aspertzeko iristen zaizkizun kultur eta ideia proposamen guztiekin? Hileko gomendioa: Lasai, ezer ez egitea ere aukera bat da; aprobetxatu!

 

CANCER

Inbidia diezu txakurra duten bizilagunei, egunean hiruzpalau aldiz kalera atera daitezkeelako. Hileko aholkua:  Ez, ezin diezu txakurra alokatu ezta bahitu ere. Pazientzia!

 

LEO

Itxiera egoera honetan ariketa egitea oso osasungarria da, eta ondo etorriko litzaizuke zerbait egiten hasiko bazina, baina pixkanaka. Hileko aholkua: Hasi beroketak egiten, zure giharrak ez daude eta etxeferuak botatzeko moduan!

 

VIRGO

Telelana gora eta telelana behera dabil mundu guztia. Baina etxetik lan egitea ez da hain erosoa seme-alabei ikastolako lanak egiten lagundu edota etxeko lanak egin behar dituzunean. Hileko aholkua: Esan nagusiari ordenagailua izorratu egin zaizula.

 

LIBRA

Egun hauetan frigorifikoko atea mila bat aldiz ireki duzu, pikatzeko zerbaiten bila. Martxa honetan konfinamendua bukatzerako 10 bat kilo gehiago izango zara. Hileko aholkua: Jarri ezazu hozkailuaren atean mezu hau: “Kontuz, arriskua!”.

 

SCORPIUS

Badakigu hunkitu egiten zarela iluntzeko zortzietako txaloekin, baina ordu bete txalo egiten egotea gehiegitxo da. Hileko aholkua: Esaerak dioen moduan, “Hitzik onena, motzena”.

 

SAGITARIUS

Zure bihotzeko kuttuna ez duzu aspaldi ikusi eta irrikan zaude berarekin egoteko. Hileko aholkua: Pentsatu Usurbilgo Romeo eta Julieta zaretela, eta egoera honek indartu egingo duela zuen maitasuna. Baina ez bukatu haiek bezala, e?!

 

CAPRICORNIUS

Etxeko txikienak ez aspertzeko mila esku-lan, jolas, dantza eta denbora-pasa sortzen ari zara egun hauetan. Hileko aholkua: Pentsatu duzu inoiz Pirritx, Porrotx eta Marimototsei curriculuma bidaltzea?

 

AQUARIUS

Informatuta egotea oso ondo dago, baina eguneko 24 orduak koronabirusarekin bueltaka egotea ez da osasungarria. Hileko aholkua: Itzali telebista, irratia, ordenagailua eta mugikorra. Ikusiko duzu zer nolako lasaitasuna!

 

PISCIS

Erosketak egiteak arnasa ematen dizu baina prebentzio neurriak hartuta ateratzea beharrezkoa da. Hileko aholkua: Eta ez duzu egunero komuneko papera erosi behar!