Koronabirusa

Udalak ez ditu azpikontratatutako zerbitzuak etengo

Noaua Aldizkaria 2020ko mar. 30a, 15:43

Zerbitzuak bizirik mantentzeko aukera dagoen bitartean, Udalak ez ditu azpikontratatutako enpresekin harremanak etengo. Hala ere, kontratu bakoitza aztertu egin beharko da. "Enpresekin negoziatzen eta adostasuna lortzen saiatuko da Udala, langileak babesteko helburuarekin beti ere", udal iturriek aditzera eman dutenez.

BPX enpresak Oiardo kiroldegiko ikastaroak, sorosleak eta harrera kudeatzen ditu. Arremanitzekin, Udalak hezkidetza programa bat du martxan.  Ereiten enpresa udaleko artxiboaren diagnostikoa egiten ari da. Lahar eguneko arreta zerbitzuaz arduratzen da eta Ostargi, Gaztelekuaz. Ez dira bakarrak. Udalak eragile bakoitzaren egoera "kasuan kasu aztertzea erabaki du", kasu guztietarako erabaki bakar batek balio ez duela argudiatuta. Herritarrei ematen ez zaien zerbitzurik ez kobratzea erabaki zuten hasieran, eta, era berean, ematen ez den zerbitzuengatik ez du ordainduko Udalak. Zerbitzua berregokitzeko aukera duten enpresek euren faktura ere berregokitu egin beharko dute.

 

Kontzesioei, luzapena

Udalak sinatutako kontzesioekin, berriz, "hasieratik erabaki zen alokairurik ez kobratzea (zahar etxeetako taberna eta ile-apaindegi zerbitzuen kasuetan). Horrez gain, Espainiako Gobernuak ateratako dekretuaren arabera, egoera horretan dauden kasuetan oreka ekonomikoa bilatu behar dela, alegia, konpentsazioa bermatu behar zaiela. Horregatik, Udalak erabaki du alarma egoeragatik itxita egongo diren beste denbora luzatzea esleipenaren kontratua".

 

Gainerako kontratuekin, zer?

Iraupen luzeko akordioez gain, badira aldian aldiko kontratua eskatzen duten jarduerak ere. Kultur ekitaldiak, hitzaldiak, ahalduntze-eskolak, tailerrak, emanaldiak, parte-hartze prozesuak... Horiek ere, kontratu bat dute oinarrian. "Modu presentzialean ez den beste era batera bermatzeko aukera dagoen kasuetan, kontratu horiek ez dira etengo. Hala egin ezin direnen kasuetan, atzeratzeko aukera emango zaie".

 

Sortzaileak babesteko neurriak

Kultur ikuskizunei dagokienez, Covid19 birusaren ondorioz sortutako egoerak kultur eragileek bizi duten prekarietatea areagotu egin duela argudiatuta, kontratu horiek sine die atzeratzea erabaki dute, kontratu horiek bertan behera utzi gabe. Hala, aurrerapen bat orain ordaintzea erabaki dute (%30), eta, gainerakoa, emanaldiaren ostean: horrela, sortzaileak pobreziara ez bideratzea izan dute helburu.